Kuantil

Estatistikan, kuantilak datu-multzo edo banakuntza bat datu kopuru edo probabilitate berdinetan zatitzen dituzten aldagaiaren balioak dira. Adibidez, 10-kuantilak, dezilak (D1, D2, ..., D9) ere deituak, datu multzoa datu kopuru bereko 10 zatitan banatzen dute; hala, ikasle-talde batek proba batean lortutako puntuazioei buruz, D1 dezilak bere azpitik ikasleen %10ak edo %10eko probabilitatea uzten duen puntuazioa da. Zehatzago, banakuntza k zatitan banatzen duten balioei k-kuantil deitzen zaie eta batzuetan izen bereziak hartzen dituzte:

  • 100-kuantilak edo pertzentilak (P1, P2, ..., P99); adibidez, P20 balioak datuen %20ak uzten ditu azpitik;
  • 10-kuantilak edo dezilak (D1, D2, ..., D9);
  • 8-kuantilak edo oktilak;
  • 5-kuantilak edo kintilak;
  • 4-kuantilak edo kuartilak (Q1, Q2, Q3) eta estatistika neurri askotan maiz erabiltzen direnak.

Ohartu behar da mediana kuantil berezi bat dela, 2-kuantila alegia, dagoen bakarra hain zuzen; izan ere, medianak bi zatitan banatzen du banakuntza, alde banatan %50 utzita.