ABC analisia

ABC analisiak biltegi bateko produktuak hiru sailetan banatzen ditu, haien kostu totalaren arabera.

Izakinen kudeaketan , ABC analisia biltegiko produktu-motak horien garrantziaren arabera sailkatzeko prozedura bat da. Garrantzi-irizpidea produktuen biltegiratze-kostua, haietan egindako inbertsioa eta horien eskaria izaten dira, besteak beste. Gutxi gorabeherako erregela enpiriko baten arabera, produktuen %20ak kostuaren edo inbertsioaren %80 hartzen du (ikus, Pareto printzipioa), produktuen %30ak kostu edo inbertsio osoaren %15 eta %50ak kostu edo inbersioaren %5 soilik.

Portzentaje horien arabera gutxi gorabehera, ABC analisian sailkapen hau egiten da:

  • kostu edo inbertsio osoaren %80 hartzen duten produktuen %20ak A kategorian biltzen dira; kategoria horretan bildutako produktuak kontrol zorrotza behar dutenak izango dira, kostu edo inbertsio osoaren zati gehiena osatzen dutenez;
  • kostu edo inbertsio osoaren %15 hartzen duten produktuen %30ak B kategorian biltzen dira; kategoria horretan bildutako produktuak kontrol ertaina beharko dute;
  • kostu edo inbertsioaren %5 hartzen duten gainerako produktuek ez dute kontrol handirik behar eta aski da horien kopuru handia izatea biltegian hausturarik gerta ez dadin.

Ohartarazi behar da, A, B eta C kategoriak mugatzen dituzten balioak gutxi gorabeherakoak direla, eta ondorioz muga-balio horiek aldatu egin daitezkeela, biltegiaren ezaugarri bereziak zein diren.