Agindu kategorikoa

Immanuel Kant filosofoak (1724-1804) inperatibo edo agindu kategorikoak eta hipotetikoak bereizi zituen. Inperatibo kategorikoak "egin A" motakoak dira; inperatibo hipotetikoak, berriz, "B nahi baduzu, egin A" motakoak dira. Agindu kategorikoak absolutuak, baldintzarik gabeak eta autonomoak dira. Agindu edo inperatibo hipotetikoekin kontrajartzen dira, horietan obligazio morala baldintzatua baita ("liburua itzultzen badizut, zor dizudan dirua emango dizut", adibidez). Kant bereziki inperatibo kategorikoak definitzen zegoen interesaturik eta horretarako baldintza hauek ezarri zituen:

  • gizateria osoarentzat desiragarria izatea, unibertsala alegia. Adibidez, agindu kategorikoaren adibidetzat "ez da inor hil behar" aipatu ohi da, agindu hori salbuespenik gabe denok denontzat nahi genukeen arau morala delako. Zehatzago, agindu kategorikoaren definizio hauek eman zituen Kant-ek: "lege unibertsal bilakatzea nahi duzun eredu horren arabera jokatu ezazu" eta "gizateria, zeure burua nahiz beste guztiak, aldi berean xedetzat eta ez soilik bitartekotzat erabiltzen duzun eran joka ezazu.
  • inperatibo kategorikoa lege autonomoa izatea, hau da, inork inposatzen ez duena: "zuk zeuk nahita, zure ekintzaren eredua naturaren lege unibertsala bilakatu ahalko balitz bezala jokatu ezazu", bere hitzetan.1

Erreferentziak

1.
Imperativo categórico: universalidad y autonomía. Relatos de Onofre Castells. https://relatosdeonofrecastells.wordpress.com/2016/05/16/imperativo-categorico-universalidad-y-autonomia/. Accessed 2017.