Algoritmoak

Algoritmoa problemak ebazteko prozedura sistematiko bat da, soluzio baterako pausoak zehazten dituena. Algoritmoak dira, adibidez, zenbakiak bidertzeko erregela eta zenbaki zerrenda bat ordenatzeko darabilgun prozedura; algoritmoak dira halaber programa informatikoak. Algoritmo hitza al-Khwarizmi VIII-IX mendeetako arabiar matematikariaren izenetik dator, haren lan bat latinera Algoritmi de numero Indorum izenburuarekin itzulita. Algoritmoak aztertzen dituen jakintza arloari algoritmia deritzo, eta algoritmoen emaitzen zuzentasunaz gainera, algoritmoak garatzeko denbora aztertzen du, bereziki eskalagarritasuna, hots, input, sarrera edo datuen tamaina handitzean, algoritmoa garatzeko pauso kopurua edo denbora nola bilakatzen den; eta efizientzia, algoritmoa garatzeko pauso kopurua edo denbora onargarria den (adibidez, batuketa bat egiteko ez da eraginkorra unitateak banan banan zenbatzea). Algoritmoen inguruan sortutako problema interesgarria erabakigarritasunarena, algoritmoz ebatzi ezin daitezkeen problema logiko-matematikoak ote dauden aztertzen duena; horren inguruan Kurt Gödel-ek problema erabakigaitzak bazirela frogatu zuen 1931 urtean. Maiz, heuristikarekin nahastu ohi da, baina heuristika pauso zehatzak baino, soluzio aurkitzeko metodo orokorrak ematen ditu.