Antsietatea

Antsietatea edo herstura tentsio, ezinegon eta asaldurazko emozioa da, subjektu batek arrisku bat mehatxutzat hartzen duenean sortzen dena, mehatxu hori guztiz identifikatzeko gauza izan ez, eta ondorioz horri aurre egiteko gai ez dela sentitzen duenean. Unean unekoa edo jarraitua, eta aldartearen egoera edo nortasunaren ezaugarria izan daiteke. Beldurraren antzeko egoera litzateke, eta horrela adaptazio-mekanismo bat; baina beldurra arrisku zehatz bati erantzun moduan agertzen den bitartean, antsietatea zehaztu gabeko arriskuen erantzun gehiegizkoa litzateke, fobiak ekar ditzakeena. Antsietatea sortzen duten egoerak antsiogenikoak direla esaten da. Emoziozko erantzun gisa, kontzentrazio-falta, erabakiak hartzeko ezintasuna, beldurra, ezintasun eta ezgaitasun-sentimenduak eragiten ditu, eta fisikoki taupada biziak, izerdia, arnasketa azkarra, dardarak, tentsioa eta zorabioak.

Psikoanalisitik, antsietatea buldaka onartezin baten eta niak aplikaturiko kontraindarraren arteko gatazkaren emaitza da. Hortik, Freud-ek hiru antsietate mota bereizi zituen: antsietate erreala, kanpoko munduko arriskuek eragindakoa; antsietate neurotikoa, pertsonak erreprimitutako bulkadetan jatorria duena; eta antsietate morala edo lotsa, superniak niak bulkaden kontrolaren galeraz ohartarazten duenean. Konduktismotik, berriz, antsietatean inguruneak duen eragina nabarmentzen da. Ikuspuntu kognitibotik, subjektuak arriskuari emandako erantzun izaera aztertzen da, modu indibidual batean.1

Ikus, gainera

Erreferentziak

1.
Sierra JC et al. Ansiedad, angustia y estrés: tres conceptos a diferenciar. Mal-estar E Subjetividade. 2003;3(1):10-59. http://www.redalyc.org/articulo.oa?id=27130102. [Source]