Arrisku-saria

Ekonomian, arrisku-saria (ingelesez, risk premium) pertsona batek arrisku bat saihesteko ordaintzeko prest dagoen zenbatekoa edota, beste hitzetan, arriskua hartzeagatik ordaindu behar zaiona. Bereziki, bonu eta zor-tituluetarako erabiltzen da, epemugan bonuaren nominala eta esperotako errentagarritasuna ez berreskuratzeko arriskuari buruz, default arriskuari buruz, alegia; kasu horietan, arrisku-saria default arriskua onartzeagatik aktibo horri eskatzen zaion errentagarritasun gehigarria da, arriskurik gabeko mota bereko aktibo baten aldean.

Herrialde bateko tituluak bigarren mailako merkatuan, titulu horiek epemuga baino lehen saldu eta erosteko merkatuetan alegia, finkatzen da arrisku-saria. Merkatu horretan, titulu bat bere zenbateko nominalean baino merkeago erosten bada, erosleari emango dion errentagarritasuna baino handiagoa izango da; adibidez, 1000EUR-ko nominala duen titulua erosi bazen, %1.5eko interesarekin, eta 500EUR-tan saltzen bada, bigarren eroslearentzat errentagarritasuna %3 izango da. Tituluaren prezio merkeagoa, eta beraz, bigarren erosleari eskaintzen dion errentagarritasun handiagoa, koiunturako alderdi askorekin dago loturik, baina besteak beste titulua jaulki duen herrialdeak eskaintzen duen konfiantzarekin, hau da, herrialdeak tituluaren zenbatekoa eta horien interesak ordainduko ez dituela uste txikiena badago, titulu horren prezioa jaitsi egingo da. Beste alde batetik, badaude arriskurik gabeko bonuak edo guztietan arrisku txikiena dutenak; horrela, titulu baliokide bietatik, epemuga berekoak, hartuta, arriskurik gabekoak %1eko errentagarrisuna eskaintzen badu bigarren mailako merkatuan, eta arriskua duenak %3, arrisku saria %2=200 puntukoa izango da. Azkenean, arrisku-saria lehen mailako merkatuetara (non Estatuek zuzenean inbertitzaileekin negoziatzen duten) ere zabaltzen da, negoziazioa enkante bidez egiten denez.