Askatasuna

Mendebaldeko ikuspuntu indibidualista eta liberalaren arabera, askatasuna edo libertatea pertsona bat zerbaitetan aukera izan, helburuak erabaki eta horretarako jokabidea aurrera eramateko ahalmena izatea da, beste pertsona, erakunde edo aginte batek jarritako mugarik gabe. Bi alde ditu hortaz askatasunak: alde positibotik, nahi duguna erabaki eta aurrera eramateko gai izan behar gara (zerbait egiteko gara aske); eta alde negatibotik, horretan ez dugu beste batek jarritako mugarik izan behar (norbait edo zerbaitengandik gara aske). Batzuen arabera, askatasuna murrizten duten mugak ez dira soilik beste batek jarritakoak, eta naturak eta eskura ditugun baliabideek ezarritakoak ere izan daitezke. Adibidez, batzuen arabera ilargira joan nahi eta ezin duen pertsona bat askea litzateke, inork ez baitizkio horretan mugarik jartzen ("libre zara ilargira joateko, baina ezin duzu"), baina beste batzuen arabera ilargira joan ezin den pertsona hori ez litzateke askea izango. Nahi duguna erabaki eta egiteko ditugun mugak zehaztea funtsezkoa da, beraz, askatasuna zehatz definitzeko. Beste batek jarritako mugak da askatasuna definitzeko irizpide onartuena; eta kasu horretan muga horiek zuzenekoak (debekuak, adibidez) nahiz zeharkakoak (askatasunez jokatzeko hezkuntza eza, adibidez) izan daitezkeela ohartu behar da.

Askatasunaren eremu garrantzitsu bat politika da. Izan ere, politikan parte hartu eta erabakitzeko askatasunak, demokraziak alegia, egunerokoan ditugun beste askatasunak baldintzatzen ditu. Hortik ez da ondorioztatu behar da demokrazia batean, askatasun politikoa dugunean alegia, egunerokoan askatasun handiagoak izango ditugula; izan ere, badira demokraziak herritarren askatasun ez politikoak murriztu egiten dituztenak. 1

Aipuak

"Aske izatea ez da nahi duzuna egin ahal izatea,  ahal duzuna nahi izatea baizik." - Jean Paul Sartre

Erreferentziak

1.
Partridge PH. Freedom. In: Encyclopedia of Philosophy. ; 1967:721-725.