Aukera-kostuak

Aukera-kostua erabaki bat aukeratu eta besteak baztertzeagatik sortzen den kostua edo etekin-galera da, baztertu diren erabakietan eskura zitekeen irabazi handiena. Adibidez, etxean ikasten geratzea erabakitzen dudanean, zinemara joateko plana baztertuz, aukera-kostua pelikulak emango lidakeen atsegina da. Balizko kostu bat da, beste era batera erabaki izan balitz, zenbat lortuko genukeen zehazten duena, erabakitakoaren alde negatiboa, nolabait esateko. Batzuen arabera, erabakiak hartzerakoan soilik (erabakiak hartzeko prozesuan, alegia) kontuan hartu behar diren kostuak dira. Hain zuzen, behin erabaki eta gero, aukera-kostuak kostu berreskuraezinak dira, eta beraz kontuan hartu behar ez direnak.

Etxea edo beste ondasun iraunkor bat erosi behar dugunean, denok dugu buruan aukera-kostua ("etxea erosten badut, ezingo dut lehen bezala bidaiatu" eta antzekoak pentsatuz), baina erabaki berdina maiz hartzen denean aukera-kostuak ebaluatzea zailagoa da. Adibidez, egunero pasteltxo bat erosten duen pertsona batek ez du ebaluatzen pasteltxoa erosiko ez balu urtetan aurreztutako diruarekin zer egin lezakeen; kasu horretan, epearen zehazgabetasunak eta bitartean gertatuko denaren ziurgabetasunak aukera-kostua kalkulatzeko ezina dakarte. Antzeko arazoak sortzen dira erabakiak modu kolektiboak hartu behar direnean.