Koordinazioa

Koordinazioa erakunde edo sistema bateko elementu eta osagaien jarduerak bateratzea da, sisteman ezarritako helburuak eraginkortasunez lortze aldera. Adibidez, kirol-talde baten jarduera jokalari guztiak koordinatzen ez badira, banaka jokalari bikainak izanda ere, nekez lortuko dute arrakasta aurkariari aurre egin edo jomuga lortzean.


Aginte-katea

Aginte-katea enpresa edo erakunde bateko hierarkian zehar agintea,  ardurak eta kargu-hartzea maila, sail edo pertsona batetik bestera ezartzen dituen lerro jarraitua da. Bi printzipio hauetan oinarritzen da: alde batetik, agintean, zeinaren arabera maila goragoko sail edo pertsona batek bere ardurapean dituen sail eta pertsonen gainean agindu eta kargu hartzeko eskumena eta ahalmena duen; bestetik, aginte-batasunean, zeinaren arabera sail eta pertsona bakoitza maila goragoko sail edo pertsona bakar baten mendean dagoen, eta hark bakarrik kargu hartzen dio.

Beste hizkuntzetan: ingelesez, command hierarchy; gaztelaniaz, cadena de mando.

Ikus, gainera


Gardenki: Berretura-legeko banaketak

Estatistikan, berretura-legeko banaketak tamainarekin loturiko aldagaiak modelizatzeko erabiltzen dira bereziki (errentak, hiri eta herrietako biztanleriak, ...)

Horiei buruz gehiago jakin nahi baduzu, gardenki hauetara jo dezakezu.

Ikasgai hau "Estatistika enpresara aplikatua" ikastarokoa da, EHUko Donostiako Ekonomia eta Enpresa Fakultatean eskainitakoa. Ikastaroko material guztia hemen aurki dezakezu, PDF formatoan.


Adhokrazia

Adhokrazia (latinezko ad hoc esamoldetik, "honetarako", "espezifikoki", eta antzinako grezierazko κράτος, kratos hitzetik, "boterea") 1966 urtean Warren Bennis psikologo soziala bere Changing Organizations lanean burokraziari kontrajarriko litzatekeen antolakuntza mota bat izendatzeko erabili zuen terminoa da. Bennis izan bazen ere terminoa sortu zuena, Henry Mintzberg kudeaketa-aditua izan zen terminoa mundu akademikoan eta enpresa munduan zabaldu zuena 1970eko hamarkadan.

Adhokrazia antolakuntza malgu eta berritzailea litzateke, kapitalismo berriaren aldaketa azkarrei erantzuteko egokia. Horien ezaugarri nagusiak dira jarduera proiektuetan banatzea eta hierarkia bertikalaren ordez, lankidetza eta koordinazioa sustatzea lan-talde txikietan. Antolaketa modu horren aurrekari bat Bigarren Mundu Gerran misio jakinetarako ezartzen ziren soldadu-taldeak lirateke, non kideen zeregin eta ardurak aldakorrak ziren, eta talde horiek misioak bukatu eta gero desegiten ziren. Egun, antolaketa-eredu nagusietako bat da, praktikan arlo askotan aplikatu daitekeena, bereziki malgutasuna behar denean jarduerak burutzeko, hala nola eraikuntza proiektuetan eta filmen ekoizpen eta zuzendaritzan. Zailagoa da, ordea, oso arautuak diren erakundeetan, hala nola epaitegietan non norberaren zereginak eta arudrak guztiz zehaztuta dauden.

 


Teknoegitura

Teknoegitura edo teknoestruktura enpresa eta erakundeetako atal jakin bat izendatzeko erabiltzen den terminoa da, horren esanahiak aditu batetik bestera aldatzen badira ere. Terminoa John Kenneth Galbraith sortu zuen 1967 urtean The New Industrial State (1967) lanean. Harentzat, teknoegitura enpresam erabakiak kolektinoki hartzeko ezagutza berezitua, esperientzia eta trebezia dakartzaten eragile guztien multzoa da; beraz kudeatzaileak, analistak eta erabaki-prozesuan parte hartzen duten guztiak lirateke. Teknokraziarekin parekatu izan den kontzeptua da, baina teknoegitura teknikoek enpresaren antolaketan duten funtzioa eta jarduna aztertzen dituen bitartean, teknokrazia aipatzen denean, tekniko horiek erakundean duten botereari egiten dio erreferentzia, eta demokraziarekin kontrajartzen da. Henry Mintzberg-en arabera, berriz, teknoestruktura atal zabalagoa da, eta erabaki hartzeaz gainera, normalizazioan, kontrolean eta koordinazioan diharduten pertsonak ere barnehartzen ditu, eta beraz enpresako atal guztiak zuzenean eragiten ditu.


Amatasun subrogatua

Ama biologikoa eta ama hezitzaile eta soziala desberdinak diren egoerak arruntak izan dira historian zehar (adibidez, ama biologikoa hil denean, eta orduan ere subrogazioa gertatzen da, ama berri batek hartzen baititu haurra hezitzeko obligazioa) baina egun amatasun subrogatua lagundutako ugalketaren modalitate bat da, ernalketa in vitro edo laborategian gertatzen denean, eta ondoren haurdunaldia material genetikoa ekarri ez duen beste ama baten sabelean egiten denean. Modalitate honi alokairuzko sabela ere deitu izan zaio, nahiz eta termino guztiz desegokia den, pertsona ez dira alokairuan hartzen, eta batzuetan kontraprestazio ekonomikorik ez dagoelako haurdunaldiaren trukean. Beraz, amatasun subrogatuan ama genetikoa eta jaiotzetikako ama desberdinak dira, eta jaiotza ondoren ama genetikoak bereganatzen du amatasuna.

Amatasun subrogatua guztiz legeztatutako praktika da Ameriketako Estatu Batuetan, eta komertzialki garatzen da. Erresuma Batuan, legeztatuta dago baina modu kontrolatuan, eta ezin da komertzialki garatu. Espainian legez kanpoko praktika da. (2018ko informazioa).


Subrogazioa

Zuzenbidean, subrogazioa obligazio edo eskubide bat besterentzea da, pertsona edo gauza bati buruz. Hartzekodunaren subrogazioa izan daiteke, eskubidea besterentzen denean (adibidez, zorra kobratzeko eskubide bat beste pertsona bati ematen zaionean) zein zordunaren subrogazioa (obligazioa besterentzen denean). Ohikoena subrogazioa aldi berean obligazioak eta eskubideak besterentzea da, aurretik izandako kontratu edo negozio juridiko baten ondorioz.


Osagai nagusien analisia

Osagai nagusien analisia aldagai anitzeko azterketarako teknika bat da, datuak laburbiltzea bilatzen duena, horretarako osagai nagusi izeneko aldagai berriak sortuz, haiserako aldagaien konbinazio lineal direnak. Lehen osagai nagusia datuen ahalik eta bariantza handiena (zehatzago inertzia handiena) azalarazteko helburuarekin eratzen da; bigarrenak, aurrekoarekin ortogonal edo independenteak, lehenengoaren ondoren azaltzeke geratzen den bariantza zati handiena azaldu behar du, eta horrela hurrenez hurren eratu nahi diren osagai nagusi guztietarako. Adibidez, herrialde batzuetako errenta per capita, langabezia, pobrezia-tasa eta beste hainbat aldagai makroekonomikoei buruzko datuekin osagai nagusien analisia eginda, aldagai horiek guztiak laburbilduko lituzkeen lehen osagai nagusi bat aldagai horien konbinazio lineala litzateke: O1=0.5*EPC - 0.1*LANG - 0.8*POB + ...; eta horrela O1 osagaiak datu guztiak laburbilduko lituzke balio bakar batekin, garapen ekonomikoa edo adieraziko lukeena.

Bi osagai nagusi eraturik, bi osagai nagusiak ardatz perpendikularretan jarririk (independenteak direnez), hasierako datu guztiak, aldagai askotakoak izan arren, bi dimentsiotan irudikatu litezke, herrialdeen irudikapen eta kokapen erlatiboa azalduz, eta horrela bide batez herrialde antzekoak azalaraziz. Modu berean, hasierako aldagaiak ere irudikatu daitezke, aldagai horiek osagaien terminoetan jarriz, aldagaiak osagaiei buruz nola kokatzen diren, eta beraz osagaiak nola interpretatu behar ditugun jakiteko.


Manumisioa

Manumisioa esklaboek euren jaun edo jabearen mendekotasunetik libratzea da, harekiko adostasunez edo kontratu baten bitartez. Antzinako Grezian, esklaboek manumisioa lor zezaketen baldin eta horretarako dirua lortzen bazuten, zaila, esklaboen ondasunak definizioz jaunarenak zirelako. Antzinako Erroman berriz esklaboek denbora luze baten ondoren eskura zezaketen askatasuna; gainera, horren ondoren hiritart bilaka zitezkeen, Grezian ez bezala. Amerikar Iraultzan, Ipar Amerikako koloniak Ingalaterraren aurka altxatu zirenean, hainbat esklabok Ingalaterrako armadan denboraldi batez jardunez nahiz kolonien independentziaren alde borrokatuz eskuratu zuten manumisioa.


Segregazioa eta segregazionismoa

Segregazioa herritarrak euren ezaugarri sexual, arrazazko, etniko, erlijioso edo politikoen arabera bereiztea da, aparte jartzen diren gizatalde eta kolektibo horiek baztertuz, haien integrazio soziala eragotziz, eta bizitza modu duin eta askean garatzeko aukerak kenduz. Labur esanda, segregazioa espazioaren zatiketa soziala da. Segregazioa gertatzen da, homosexualentzako taberna bereziak daudenean, emakumeentzako eskola edo ikasgela bereziak jartzen direnean, eta ijitoentzako bizigune bereziak jartzen direnean. Eremu geografikoetan, herri edo eskualde mailan gerta daiteke (etnia bateko kideak eskualdetik bidaltzen direnean, garbiketa etinokoan alegia), auzune eta eskoletan (aberaskumeentzako eskolak eta pobreentzako eskolak, etorkinentzako auzuneak), toki publikoetan, lanbideetan (adibidez, Indian lanbide ezduinak kasta batzuei esleitzen zaizkienean).

Segregazioa aldeztu edo ezartzen duen politika segregazionismoa da. Adibide garbiena, apartheid da, segregazio arraziala bultzatzen duen politika, besteak Ameriketako Estatu Batuetan eta Hegoafrikan indarrean izan zena XX. mendera arte.

Ikus, gainera