Azpiegitura eta gainegitura

Azpiegitura eta gainegitura gizartearen eraketa eta bilakaera azaltzeko marxismoaren ikusmolde materialistatik eratutako bi kategoria dira. Azpiegitura (egitura edo oinarri materiala ere deitua) gizartearen egitura ekonomikoa da, ekoizpen-erlazioek eta ekoizpen-indarrek osatzen dutena. Ekoizpen-erlazioek eta ekoizpen-indarrek erlazio dialektikoa dute elkarrekin: aldi batez, ekoizpen-erlazioek ekoizpen-indarrak garatzen laguntzen dute, baina une batetik aurrera, erlazio horiek indarrak garatzeko oztopo bilakatuko dira, krisia sorraraziz. Gainegitura, berriz, erakunde juridiko-politikoek, Estatuak, ideologiak, erlijioak eta oro har gizarte-kontzientziaren formek osatzen duten multzoa da. Marxismoan, azpiegiturak gainegiturari eragiten dio, eta horretan datza marxismoaren ekarpen nagusi bat: Marx-en eta Engels-en arabera, ekonomiak beste guztiaren oinarria da, gizartea aztertzeko ez zaio gizakiok pentsatzen dugunari erreparatu behar, gizakiok bizimodua aurrera ateratzeko dugun moduari baizik.