Behi euskaldun baten memoriak

Behi euskaldun baten memoriak Bernardo Atxagak (1951- ) euskal idazleak 1991 urtean plazaratutako eleberria da, gerrari buruzko kontakizun gordina eta bidenabar sentibera eta tarteka umoretsua ere. Komentu batean moja baten zaintzapean bizi den Mo behiari barruko ahots batek bere memoriak idazteko agindua emanda, Mo behiak 1940 urtean Balantzategi baserrian jaio zela kontatuz abiatuko du bere eginbidea. Balantzategin pasatako denboran bertako gertakari harrigarrien berri emateaz gainera, behi heldua izatera nola heldu den ere kontatuko digu, baserriko sekretuaren berri jakin arte, amaitu berri den Espainiako Gerra Zibilarekin loturik.

Laburpena

Ekaitza ari du gauean. Kanpoan bakarrik dagoen behi bati barruko ahots batek ordua iritsi dela ohartarazten dio, babesean jartzekoa alegia. Behiak kasurik egin ez eta zakar erantzuten dio. Ahots barneko horri Setatsu deituko dio hortik aurrera. Ahotsa bere aginduan tematu eta mendian behera abiatzeko aholkua ematen dio. Behiak kasurik egin gabe jarraitzen du, baina konturatzerako inguru guztia elurpean du, eta belarra jan ezinik geratzen da. Asaldaturik, barkamena eskatzen dio ahotsari, baina Setatsuk bere kabuz pentsatzeko soilik esango dio. Larri, behia marruka hasten du baina horrela otsoak erakartzea baizik ez du lortzen, ahotsak aurrez ohartarazi bezala. Korrika alde egitea pentsatu du, baina otsoak gainera salto egitearen beldurrez, poliki egiten du beheruntz. Otsoak atzetik dabilzkio, ordea. Azkenean, etxetik gertu eta otso batek isatsetik heldu diola ikusita, korrika abiatzen da maldan behera, erori ere egiten da, baina atzetik heldu dion otsoari ostikoa emanda, onik heltzen da.

Pasadizo hori aspaldian gertatu zen, 1940an. Behiak Setatsuk bere memoriak idaztea eskatu diolako gogoratzen du.