Demokrazia

Demokrazia subiranotza, erabakiak hartzeko ahalmena alegia, herritar guztiek duten ordena politikoa da. Demokrazia zuzena herritarrek erabakiak zuzenean hartzen dituzten sistema da; demokrazia ordezkagarrian, berriz, herritarrek erabakiak haien ordez hartuko dituzten ordezkariak aukeratzen dituzte. Antzinako grezierazko demokratia hitzetik dator (demos, "herria", eta kratos, "gobernua" hitzetatik osatua), eta jatorrian K.a. V. mendean Antzinako Greziako zenbait hiri-estatuetan, Atenasen esaterako, garatu ziren sistema politikoak izendatzeko erabili zen.

Herriaren subiranotza baino haratago, demokrazia herritarren berdintasunean, demokrazia herriak ezarritako legearen aplikazioan, herritarren eskubide eta askatasunean, parte hartze askea bermatzen duen hauteskunde-sistema eta herritar guztientzako hezkuntza-sistema batean ere oinarritzen da. Tradizio marxistan, ordea, estatu oro, nahiz demokratikoa, nahiz ez demokratikoa, zapaltzaileak dira, eta soilik klaserik gabeko gizarte komunista batean egongo lizateke benetako demokrazia.