Dirua

Dirua truke ekonomikoak egiteko erabiltzen den bitartekoa da, prezioak eta balioak adierazteko ere erabiltzen dena. Historian, metalezko txanpon edo zati txikiak erabili izan dira diru gisa, baina munduko kultura askotan maskorrak, beira zatiak, haziak eta abar erabili izan dira. Kasu guztietan, baina, dirua trukeak egiteko ez ezik, berezko erabilgarritasun handirik ez duten objektuak erabili dira.

Diruaren funtzioak

Diruak bete behar dituen funtzioak, gizartean onartua izan dadin, honako hauek dira:

  • truke bitartekoa, trukeak egiteko erabil daiteke, erosteko ahalmena izan behar du, alegia;
  • kontu-unitatea, ondasunen prezioak ezartzeko erabiltzen da;
  • balio-gordailua, aberastasuna metatzeko balio du, dirua gero erabiltzeko gordetzen denean, alegia;
  • ordainketa geroratuaren patroia, zorrak eta etorkizunean ordainketa bat dakarten kontratuak zehazteko ere erabiltzen da.

Diruaren propietateak

 

  • Eskualdagarritasuna

Truke ekonomikoak egiteko dirua duen abantailetako eskualdagarritasuna da. Izan ere, dirua pertsonen artean azkar eta erosotasunez, eta gehienetan modu anonimoan, mugitzen den bitarteko objektua da, eta beraz merkataritza erraztu egiten duena. Diruari esker, ez da beharrezkoa trukea egiteko erosleak eta saltzaileak besteak bilatzen duen ondasun edukitzea edo eskatzen duen zerbitzua eman ahal izatea; diruz ordaintzen du erosleak ondasuna eta zerbitzua, eta saltzaileak berriz ere erabiliko du diru hori, beste objektu batzuk erosteko. Eskualdagarritasuna izateko, ordea, diruaren balioa gehienek onartu behar dute gizarte batean. Jendeak diruarekin duen konfiantza galtzen badu, dirua izateari utziko dio.