Duopolioa

Duopolioa merkatuan bi enpresa soilik  jarduten duten merkatu-egitura. Oligopolioa aztertzeko egoera sinpleena da; hain zuzen ere, duopolioa mikroekonomiatik eta joko-teoriatik aztertuz heldu diren ondorioak oligopoliora zabal daitezke askotan. Batez ere, bi ikuspuntutik aztertu da duopolioa: lehen ikuspuntu batetik, bi enpresak kopuruz lehiatzen dira, enpresa bakoitzak zenbat ekoitzi erabakitzen du, besteak ekoitzi behar duena ikusita; bigarrenetik, berriz, prezioz lehiatzen dira eta bakoitzak prezio egokiena erabakitzen du, besteak jarri behar duena ikusita. Kopuruaren ikuspuntutik duopolioa aztertu zuen lehena Antoine Augustin Cournot (1801-1877) izan zen, 1838an; prezioaren ikuspuntutik, Joseph Louis Francois Bertrand ekonomialariak (1822-1900) aztertu zuen, 1883an.