Edipo konplexua

Edipo konplexua psikoanalisiaren teorian haurrek euren aldi falikoan, 3-6 urte bitartean, aurkako sexuko gurasoarengana sentitzen duten desioa da, kastrazio-konplexuaren bitartez burutzean, latentzia-aldia zabaldu egiten duena. Latentzia-aldia igarota, Edipo konplexua burutzeko moduak haurraren nortasun sexuala eragingo du helduaroan.

Haurrak aldi falikoan sartu aurretik, aldi aurre-edipiko batean sartzen dira, non amarenganako atxikimendu eta maitasun handia sentitzen duten. Mutilen kasuan, aldi falikoan sartzen direnean, haien zakila bihurtzen da plazer-iturri eta amarenganako maitasuna desio sexuala bilakatzen da. Aldi berean, jabetzen dira emakumeek ez dutela zakilik. Ama desiratzeagatik, aitak zakila kendu, kastratu egiten dituela beldur dira mutilak, kastrazio-konplexua sortzen zaie. Gatazka aitaren agintea onartuz eta amarenganako desioa baztertuz ebatzen da, gerora latentzia-aldian sartzeko. Latentzia-aldiaren amaieran, 12 urterekin edo, desio sexuala itzuli egingo da, eta Edipo konplexua arestian aipatu bezala ebatzi bazen, mutil gazteak beste emakumeenganako desioa sentituko du. Edipo konplexua bere momentuan ebatzi ez bazen, mutilak beste mota bateko nortasun sexuala garatu eta amarekiko finkapena izan dezake. Aurreko Edipo konplexuan haurrak parte hartze aktiboa du, aita aurkaritzat hartzen duenez. Badago, baina, Edipo konplexuaren bertsio negatiboa, non mutikoak rol pasiboa hartzen duen aitaren aurrean, haren maitasuna bilatuz, emakumearena egiten; bertsio negatibo hori aita haurrari debekuak ezartzen ez dizkiolako, paisboa delako edota besterik gabe ez dagoelako ere gerta daiteke. Bertsio negatibo horretan garapen psikosexuala beste gizonak desiratuz burutuko da, homosexualtasunean alegia.

Nesken kasuan, berriz, teoria psikoanalitikoak baieztatzen du emakumeak beti daudela kastratuta. Aldi falikoan, neska konturatu egiten da bere klitorisa ez dela haziko, eta ez duela inoiz zakilik izango, eta ama bezalakoa izango dela; hots, zakilaren inbidia garatzen dute, mutikoen kastrazio-konplexuaren parekoa. Beste arrazoi batzuk aipatu badira ere, neskatoak amari leporatzen diolako gabezia horren errua, bere interesa aitarengana aldatzen da, haur bat eman diezaion, baina hori ezinezkoa denez, etsi eta latentzia-aldian sartuko da, nerabezarora heldu arte. Aldi falikoan, klitorisa kitzikatuz masturbatzeari utzi egin dio, horrek zakilik ez duela gogora ekartzen diolako, eta aitarengan haurra bilatuz, bere interesa baginara aldatuko da. Kontuan hartu behar da, baina, teoria psikoanalitikoan  aldi aurre-edipiko gehiago luzatzen da nesken artean, 4-5 urtera arte, eta batzuetan bukatu ere ez da egiten, bereziki aita absente badago; kasu horretan, neskatoa amarengan finkatuko da helduaroan ere, eta gizonengana ez du libidorik sentituko. Neskatoen Edipo konplexuaren bertsio negatiboan, neskatoek jokabide maskulino batez konpentsatzen dute zakilaren falta; ama maitatzen jarraituko dute, baina horrela, ordea, Ediporen konplexua ez da burutuko eta helduaroan beste emakumenmganako desio sexuala sentituko dute.