Ekonometria

Ekonometria eredu ekonomikoak eratu, zenbatetsi eta egiaztatu egiten dituen estatistikaren adarra da. Ekonomiaren paradigma kuantitatiboaren alde egiten du, neurketa ekonomia ulertu eta azaltzeko ezinbestekotzat hartzen duenez. Orokorrean, aldagai ekonomikoek hartzen dituzten balio errealetatik abiatu, eta horietan oinarriturik eratutako ereduen parametroak zenbatetsi edo estimatu egiten ditu, eta aurresanak egin, errealitateko datuekin alderatuta, ereduen baliozkotasunari buruz erabakitzeko baliatuko direnak. Erregresio-teknikak eta denbora-serieen analisia dira ekonometrian erabiltzen diren teknika estatistiko erabilienak.

Ekonometria terminoa 1910 urtean sortu bazen ere, 1930eko hamarkadatik aurrera hartu zuen disziplinak garrantzia azterketa ekonomikoetan; hasiera batean, ordea, eztabaidatsua izan zen horren erabilera, aldagai ekonomikoetan zeuden neurketa-erroreek eta aldagai ekonomikoen arteko zeharkako eta aldibereko erlazioek ohiko erregresio-ereduen aplikazioa oztopatzen zutelako; zorizkotasuna eta probabilitatea azterketa ekonomikoan barneratu behar diren, hots, eredu estokastikoen erabilera ere kritikatu egin zen. 1 Igurikapen arrazionalen teoriak, zeinaren arabera eragile ekonomikoen igurikipenak diren ekonomian eragile nagusiak, eredu ekonometrikoen kritika ekarri zuen, eredu ekonometrikoen konklusioek ekonomia bera eragiten zutenez. Denbora aurrera joan ahala, ordea, gero eta eredu konplexuagoak eratzen joan dira, aldagai ekonomikoen berezitasunetara moldatzen direnak, eta horrela funtsezko tresna da gaur egungo politika ekonomikoan, koiunturaren azterketa egin, erabakiak hartu eta erabaki horien ebaluazioa egiteko. 2

Erreferentziak