Enpatia

Enpatia (antzinako grezierazko empatheia hitzetik, "min, pairamen", jatorrian em eta pathos hitzetatik, "barruan sentitu" literalki) beste pertsona baten sentimendu, pentsamendu eta esperientziak ulertu edo bizitzea eta horretarako pertsona batek duen berezko ahalmena da. XX. mendetik erabiltzen hasi zen egungo esanahiarekin, Sigmund Freud-ek bere lanetan aipatutako Einfühlung terminoa ingelesera itzultzeko.

Beste pertsonen sentimenduekin bat etortzeko ahalmena izanik, beste pertsonekin hartu-eman intimoak izateko funtsezko baldintza da. Beharrezkoa da gizataldeak osatu eta baloreak eta jarrerak transmititzeko, eta hala psikoterapia askotan lantzen den arlo garrantzitsua da. Izan ere, berezko ahalmena izan arren, eta askotan pertsonak kontzienteki garatzen duen jokabidea izan arren, besteekiko harremanetan ikasi egiten den ahalmena ere bada. Beste alde batetik, enpatia etikaren eta moralaren oinarria dela baieztatu da, David Humeren aldetik besteak beste, eta baita frogatu ere, azterketa enpirikoen bitartez.

Loturiko kontzeptua ekpatia da, besteen sentimenduek norberarengan duten eragina mugatzen duen ahalmena da, gure indibidualtasunaren babeslea, enpatiari mugak jartzen dizkiona. Hura gabe, neurrigabeki enpratikoak diren pertsonek arriskua dute besteek eragindako uholde emozionalak eraman eta itotzeko. Sinpatiarekin loturik dagoen kontzeptua ere bada, etimologiaz zein esanahiaz, baina enpatia emoziotzat hartzen ez den bitartean (enpatia besteen emozioekin loturik egoteko ahalmena lizateke, zehazkiago), sinpatia esperientzia emozionala da, errukiaren antzekoa, bestearen egoera hobetu edo kalte ez egiteko jarrera dakarrena. Adibidez, psikopata batek enpatia izan dezake bere biktimei buruz (badaki zer egiten ari den), baina hala ere ez du haiekiko sinpatiarik, mina eragiten dienez.