Errentagarritasuna

Errentagarritasuna enpresa batek baliatutako finantza baliabideen eraginkortasuna neurtzen du. Hain zuzen, enpresa batek finantza baliabide asko erabili, eta mozkin gutxi eskuratzen dituenean, enpresak baliabide horiek alperrik galtzen dituela. Orokorrean, errentagarritasuna honela kalkulatzen da:

    \[\text{E}=\frac{\text{mozkinak}}{\text{finantza baliabideak}}\]

Enpresaren finantza baliabideak dira bazkideek ekarritakoak, kapitala osatzen dutenak, hartzekodunenak, pasiboa osatzen dutenak, eta erreserbak, enpresaren mozkinetatik aurreko ekitaldietan gordetakoak eta enpresaren autofinantzazioa direnak. Guztiak baturik, enpresaren pasiboa (eta aktiboa, bide batez) eskuratzen da. Errentagarritasunaren kalkuluan kontuan hartu nahi diren baliabideak zein diren, zenbait errentagarritasun-mota bereizten dira.

Errentagarritasun ekonomikoa

Errentagarritasun ekonomikoa mozkin ekonomikoa (interesen aurreko mozkinak, IAM deituko duguna, zergak ordaindu aurretik, eta ustiapen-mozkina eta mozkin operatiboa ere deitzen dena) zati pasibo (edo aktibo) totala da:

    \[E_e=\frac{\text{IAM}}{\text{pasiboa}}\]

Zergatik ez dira kentzen interesak mozkinak kalkulatzeko errentagarritasun ekonomikoan? Errentagarritasun ekonomikoan finantza baliabide guztien eraginkortasuna kalkulatu nahi da, eta interesak kanpoko baliabideei ematen zaien saria direnez, zordunei emandako errentagarritasuna alegia, ez dira mozkinetatik kendu behar.

Errentagarritasun ekonomikoak berdintza hau betetzen du:

    \[E_e=\frac{\text{IAM}}{\text{salmentak}} \times \frac{\text{salmentak}}{\text{aktiboa}}=\text{marjin ekonomikoa} \times {\text{kapitalaren errotazioa}\]

Errentagarritasun finantzarioa

Errentagarritasun finantzarioa interesen ondorengo mozkina (IOM), zergak kenduta (mozkin garbia ere deitzen zaio)  zati ondare garbia (enpresaren berezko baliabideak) eginez kalkulatzen da:

    \[E_f=\frac{\text{IOM}}{\text{ondare garbia}}\]

Errentagarritasun finantzarioa bazkideak saritzen dituen errentagarritasuna da, interesak eta zergak ordaindu ondoren geratzen den mozkina denez.

Errentagarritasun ekonomikoaren eta finantzarioaren arteko erlazioa: palanka-efektua

Erlazio hau betetzen da errentagarritasun ekonomikoaren eta finantzarioaren artean:

    \[E_f=\frac{\text{IAM}}{\text{salmentak}} \times \frac{\text{salmentak}}{\text{aktiboa}}\times\frac{\text{ZAM}}{\text{IAM}} \times \frac{\text{aktiboa}}{\text{berezko baliabideak}}\times \frac{\text{MG}}{\text{ZAM}}\]

non ZAM zergen aurreko mozkina den, eta MG mozkin garbia (zergen ondoren). Errentagarritasun ekonomikoaren eta palanka-efektu finantzarioaren definizioak kontuan hartuz, erlazioa era adierazgarri honetan eman daiteke:

    \[E_f=E_e \times \text{palanka-efektua} \times \text{zerga-efektua},\]

non E_e=\frac{\text{IAM}}{\text{salmentak}} \times \frac{\text{salmentak}}{\text{aktiboa}} errentagarritasun ekonomikoaren deskonposatzea den, \frac{\text{ZAM}}{\text{IAM}} \times \frac{\text{aktiboa}}{\text{berezko baliabideak}} palanka-efektua, eta \frac{\text{MG}}{\text{ZAM}} zerga-efektua diren.

Palanka-efektuak besteren baliabideek, zorrek alegia, errentagarritasun ekonomikoan duen efektua neurtzen du:

    \[palanka=\frac{\text{ZAM}}{\text{IAM}} \times \frac{\text{aktiboa}}{\text{berezko baliabideak}}\]

Alde batetik, efektu hori negatiboa da, ZAM/IAM zatidura beti 1 baino txikiagoa izanik, errentagarritasun finantzarioa gutxitzea dakarrelako; baina bestetik positiboa ere bada, (aktiboa/berezko baliabideak) zatiduraren bitartez, orokorrean 1 baino handiagoa izango dena; aktiboa berezko baliabideekin neurri txiki batean finantzatzen bada, zatidura 1 baino handiagoa izango da, eta errentagarritasun finantzarioa handitu, errentagarritasun ekonomikoaren aldean.

Azkenik zerga-efektuak errentagarritasun finantzarioa gutxitzea ekarriko du beti, MG/ZAM zatidura beti 1 baino txikiagoa izango denez.