Eskalatzea (psikometria)

Psikometrian,  eskalatzea (ingelesez, scalingkonstruktoak eta aldagai latenteak eratzeko baliatzen diren elementuei (test bateko galderak, jasotako adierazleak) balioa ematea, azkenean konstruktoa edo aldagai latenteak neurtzearren. Ohikoa da eskalatzea jarrerak (arrazismoa, adibidez) edo kontsumitzaileen portaeren ezaugarriak neurtzeko. Adibidez, autoestimua neurtzeko erabiltzen diren galderei emandako puntuazioa eratzea eskalatzearen bitartez egingo genuke. Ohartarazi behar da eskalatzea ez dela galdera bakoitzaren erantzun-eskala edo neurketa-eskala zehaztea; adibidez, autoestimuari buruz eskalatzea ez da "Orokorrean, zoriontsua zarela esango al zenuke?" galderan erantzun posibleak "bai/ez" edo 0tik 10era bitartekoak diren zehaztea, baizik eta galdera hori autoestimua neurtzeko nola baloratzen den finkatzea.

Eskalatzea egiten denean, garrantzitsua da zehaztea aztertzen den konstruktoa dimentsio bakarrekoa edo anitzekoa den. Adibidez, garbi dago altuera dimentsio bakarreko konstruktoa dela, nahikoa baita erregela sinple bat pertsona baten altuera jasotzeko. Dimentsio anitzeko konstruktoa adimena litzateke, bi motako dimentsioak (hizkuntzazkoa eta matematikoa, esaterako) biltzen dituelako. Eskalatzea dimentsio anitzeko konstruktoetan nabarmen konplexuagoa da dimentsio bakarrekoetan baino.