Estatua

Estatua erakunde politiko zentralizatu eta hierarkikoen bitartez lurralde jakin batean, herrialde batean alegia, eta bertako komunitateari buruz subiranotza, ahalmen gorena eta independentea alegia, eta agintea dituen entitate politikoa da, legeak ezarri eta betearazi, segurtasuna bermatu, zerga-bildu eta bertako herritarrei zerbitzu publikoak eskaintzeko, gobernatzeko hitz batean. Estatuarekin harreman estua duten kontzeptuak daude, batzuetan haiekin nahasten direnak, hala nola herria eta herrialdea, nazioa, gizartea eta gobernua. Seguru asko gehiegi laburtuz, herria, entitate juridiko-politiko moduan, estatu baten mendean dauden pertsonek osatuko lukete, herritarrek alegia, eta herrialdea herritar horiek bizi diren lurraldea, non estatuak agintea duen; nazioa identitate kultural eta historiko berdina duten herritarrek osatuko lukete (eta horrela, badira nazio anitzeko eta nazio bakarreko estatuak); gizartea lurralde batean bizi diren pertsonak lirateke, haien arteko harreman sozialek definitzen dutena, eta beraz, entitate politikotzat hartzen den estatutik bereizia; eta gobernua, estatua zuzentzen duten pertsonak eta horien jarduera.