Etnozentrismoa

Etnozentrismoa gizatalde baten bizimodua, kultura eta balioak normalak, zuzenak eta idealak direla aldezten duen ikuskera da, kontzientea zein inkontzientea, beste gizataldeak bertako ezaugarri eta erakunde horiekin duten antzekotasunaren arabera sailkatu eta baloratzen dituena. Esan liteke tunel-ikuskera modukoa ere badela, beste kulturak ulertzeko ezgaitasuna ekarri ohi duelako. Gizatalde etnozentrikoetan beste gizataldeak baztertzeko joera dago, gizatalde barneko faboritismoa bultzatzen denez. Etnozentrismoaren ondorioak ez dira positiboki balioesten: ikuspuntu etnozentriko batetik beste gizataldeetako gizabanakoen jokabideak gizatalde propioko balioen arabera baloratzen dira, jokabide horiek haien gizataldean (ezta unibertsalki ere) zuzenak diren edo ez kontuan hartu gabe, eta diskriminazioa, arrazismoa eta gatazka etniko eta politikoak ere ekar ditzake. Ondorio onak baditu: barneko kohesioa eta kooperazioa indartsuak dira gizatalde etnozentrikoetan. Ekonomian ere eragina izan dezake, bertako produktuak hobesten direnean, kanpokoen aldean. Etnozentrismoaren aurkako ikuspegia kosmopolitismoa da, kultura aniztasuna normaltzat hartzen duena.

Etnozentrismoa XIX. mendean garatutako antropologia eboluzionistaren oinarria izan zen, zeinaren arabera kulturek aurrera egiten duten modu progresibo batez. Franz Boas antropologoaren inguruan sortutako eskolan, etnozentrismoa antroplogiaren aurkakoa litzateke, erlatibismo kulturalaren aurkako kontzeptua litzatekeenez. Antropologo fisikoek, berriz, etnozentrismoak eboluzioan ekar dezakee banataila nabarmendu dute, talde barruko kooperazioa bultzatzen duenez. Joera antropologiko postmodernoak ezkorrak dira, ikuspegi etnozentristak gainditzeko zailtasuna nabarmentzen dutenez. 1

Erreferentziak

1.
Baylor E. Ethnocentrism. Oxford Bibliographies. http://www.oxfordbibliographies.com/view/document/obo-9780199766567/obo-9780199766567-0045.xml. Published 2012(e)ko .