Fauvismoa

Albert Marquet-en "Posterrak Trouville-n" (1906).

Fauvismoa edo fobismoa Frantzian XX. mendearen hasieran garatutako mugimendu piktorikoa da, kolore distiratsuak eta neurrigabeki baliatuz, askotan ez deskriptiboak (zuhaitzetako hostotza gorriz margotuz, esaterako) oihalean bizitasuna sentiaraztea bilatzen zuena. Inpresionismoak eraginda, natura zuten gai nagusitzat eta Paul Gauguin, Vincent van Gogh eta Georges Seurat postinpresionisten estiloan oinarritu ziren. Estilo horretako lehen erakusketa kolektiboa 1905 urtean izan zen, urteroko Salon d’Automne delakoan; eta izena Louis Vauxcelles arte-kritikariak jarri zien, lan horien bizitasuna ikusita, fauves ("piztiak") deitu zienean artista haiei. Horien ordezkari nagusia Henri Matisse zen; André Derain, Maurice de Vlaminck, Othon Friesz, Georges Braque eta Raoul Dufy ere estilo horri atxiki zitzaizkion. Mugimenduak iraupen laburra izan zuen, ordea: 1905eko erakusketarekin abiarazi zen baina 1910eko hamarkadako azken urteetarako guztiz ahitua zen, jarraitzaile asko kubismora aldatu zirenez. Fauvismoa espresionismoarekin ere parekatu izan da, baina harekin alde nabarmenak ditu: fauvistek alaitasuna adierazi nahi zuten bitartean, natura irudikatuz; espresionistek sentimendu negatiboak (nahigabea, sumina) adierazten zuten, eta barrutik zetorkien irudimena baliatu zuten askotan, mundu errealeko elementuak distortsionatuz eta askotan irudimen hutsez, errealitatea batzertuz; fauvismotik kolorearen erabilera jaso zuten, baina aldi berean marrak eta beste elementu formal klasikoak ere antzaldatu zituzten.

230 hitz
Kategoriak