Fenomenologia

Fenomenologia XX. mendearen hasieran Edmund Husserl filosofoak abiarazitako mugimendu eta disziplina filosofikoa da, fenomenoak (objektuak, gertakariak, ...) norberaren esperientzia kontzientetik aztertzen dituena, aurreiritzi eta aurrekari kontzeptual guztiak baztertuz, subjektu indibidualaren ikuspuntutik. Adibidez, erlojuak eta antzeko gailuak denbora zientifikoa definitu eta neurtzeko baliatzen direnean, denbora lineal eta uniforme azaltzen zaigu; fenomenologian denboraren esperientziari begiratu beharko genioke, denbora aztertzeko, eta hala denbora irregularra azalduko litzaiguke, gauez lo egiten dugunean (ametsik egin gabe) existitzen ez dena, eta egunez bizi ditugun gertakarien arabera, trinkoa eta arina izan daitekeena. Beraz, fenomenologiak fenomenoak jatorrizko intuizio baten bitartez aztertzea luke helburu, horien esentziara heltze aldera, eta zientzia konbentzionalek azaltzen duten mundu zatikatuaren ikuspegiaren aurkakoa litzateke, mundua horien aurretik ere hor zegoenez, positibismoaren aurkakoa besteak beste (Husserl-ek positibismo absolutua fenomenologia bera zela adierazi zuen, aurrekari guztiak baztertzen dituenez). Izan ere, metodo fenomenologikoak oinarrizko esperientziara jotzea eskatzen du, fenomenoen azala kendu (tipula batekin egingo genukeen bezala), horien esentziara heldu arte. Husserl-ek abiarazitako fenomenologia Martin Heidegger, Jean-Paul Sartre eta beste filosofo zenbaitek jarraitu zuten.