Fikzio-aldagaiak

Estatistikan, fikzio-aldagaiak (dummy variables, ingelesez) aldagai kategoriko baten kategoria edo modalitateei balio kuantitatiboak esleitzean sortzen diren aldagaiak dira, haiekin teknika estatistikoak garatu ahal eta interpretazio egokiak egitearren. Bi kategoria bakarrik daudenean (sexuaren kasuan adibidez, non gizona eta emakumea bereizten diren), 0 eta 1 balioak esleituko zaizkie; k kategoria daudenean, berriz, (k-1) kategoria kodetu eta beraz (k-1) fikzio-aldagai sortuko dira, horietako bakoitzean 0 eta 1 balioak esleituz, elementuak kategoriaren barruan dauden ala ez; kodetu gabe uzten den kategoria oinarri-kategoriatzat hartuko da emaitzen interpretazioa egiteko. Fikzio-aldagaienaz gainera, efektu-kodetzea eta kontraste-kodetzea ere badaude aldagai kategorikoei balio kuantitatiboak esleitzeko.