Futurismoa

Boccioni (1882-1916) margolari futurista nabarmenetakoa izan zen. Irudian, "Lantzaria erasoa", non futuristek mugimendua irudikatzeko zuten joera nabari den.

Futurismoa XX. mendearen lehen hiru hamarkadetan loratu zen kultura mugimendu abangoardista izan zen.  Hasiera batean literaturaren inguruan mamitutako mugimendua izan zen, baina gero artearen inguruan ardaztu zen, eta arkitekturara, musikara, argazkigintzara eta zinemara ere zabaldu zen. Futurismoak teknologiaren garapenaren indarra ospatzen zuen bereziki eta mugimendua eta abiadura hartzen zituen motibo nagusitzat, bizimodu modernoaren ezaugarri nagusiak zirenez garai hartan, garraiobideen garapena dela eta.  Abstrakzioa ere bereganatu zuen.

Filippo Tommaso Marinetti italiar poetak abiarazi zuen mugimendua 1909 urtean. Le Figaro egunkarian plazaratutako manifestu sutsu batean "erre itzazue liburutegietako apalak ... museotako zoruak" aldarrikatzen zuen kultura akademiko eta tradizionalaren aurka. Marinettiren aldarrikapenak garai hartako potentzia nazionalen multzora bildu ezin izan zen Italiarekiko etsipena besterik ez zuen adierazten, eta XX. mendearen bueltan loratzen ziren eskola eta joera berrien nahasketa besterik ez zen. Manifestuak italiar margolari nabarmen batzuk erakarri zituen, hala nola Boccioni, Carrá, Russo, Balla eta Severini, beraien aldetik Margolaritza Futuristaren Manifestu Teknikoa argitaratu zutenak. Boccioni izan zen mugimenduaren ordezkari nagusiena, baina I Mundu Gerran hil zen; ondoren, mugimenduaren gainbehera etorri zen. Marinettik mugimendua suspertzeko ahaleginak egin zituen, eta Mussoliniren laguna izanik, faxismora hurbildu zen. Hala ere, gehiegizkoa omen da esatea futurismoa faxismoaren arte ofiziala izan zela, eta egokiagoa da rol hori Novecento mugimenduari ematea. Futurismoa nabrmen eragin zuen beste herrialde bat Errusia izan zen,  1920ko hamarkadan, non bereziki literaturaren eta ikusizko artearen inguruan ardaztu zen.