Giza eskubideak

Giza eskubideak gizakioi babesa ematen diguten arauak dira, maila politiko eta sozialean bidegabekeriak paira ez ditzagun, hala nola politikan parte hartzeko eskubidea, adierazpen askatasuna, erlijiorako askatasuna eta etxebizitza duina izateko eskubidea. Moralez onartuak soilik izan daiteke, eta baita legez baieztatutakoak ere. Historian, hainbat iturri eta zehaztapen izan dituzte, hala nola Gizaki eta herritarren eskubideen aldarrikapena, 1789ko Frantzian, eta Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala , 1948an Nazio Batuek plazaratutakoa. Giza eskubideak filosofiaz, bereziki etikaren baitan, nahiz zuzenbidez azter daitezke. Filosofiaz, giza eskubideak benetan existitzen diren, horien izaera eta justifikazioa, unibertsaltasuna edo edukien mugak aztertzen dira. Zuzenbidearen aldetik ere azter daitezke, bereziki giza eskubideak arau juridiko bilakatu direnean.

Giza eskubideen ezaugarri nabarmen eta bereziak dituzte:

  • Gehienetan pertsonen askatasunari, babesari eta ongizateari buruzko eskubideak dira,; eta aldi berean, eginbideak ere bai, gutako bakoitzarentzat zein gizarte osoarentzat, eskubide horiek errespetatu, zaindu eta ahalbideratu egin behar direnez;
  • Eskubide unibertsalak dira, gizaki guztiak babesten dituztenak, haien jatorria, erlijioa edo maila sozioekonomikoa bereizki gabe. Hala ere, unibertsaltasuna mugatua kasu batzuetan, hala nola, botoz politikan parte hartzea adinez mugatzen denean, edota preso baten eskubide zenbait bertan behera geratzen direnean. Hala eta guztiz ere, giza eskubideetan gutxiengo, emakume eta haurrak bereziki babesten dituzten eskubideak ere biltzen dira.
  • Lehentasunezkoak dira, hau da, beste eskubide eta bestelako kontsiderazioen gainetik egon behar dira. Izan ere, maila gorenetan egongo ez balira, ezerezean gera litezke beste alderdi ekonomiko, politiko eta bestelakoekin kontuan hartzerakoan. Batzuen arabera, giza eskubideak eskubide minimoak dira, gutxienezkoak, horien kopuru txikia izateaz gainera, horiek babestea ere asko eskatzea ez denez.

Existitzen al dira benetan giza eskubideak?

Giza eskubideak benetan existitzen diren aztertzerakoan, ikuspuntu juridikoa argia da: giza eskubideak existitzen dira, baldin eta legez, nazio edo nazioarte mailan, jasotzen badira. Ikuspuntu filosofikoa, zalantzarik gabe interesgarriena, eztabaidatsuagoa da. Maiz giza eskubideak gizakiak izateagatik soilik ditugula, jaiotzen garen unetik, aipatu ohi da. Ildo horretatik, Jainkoarengandik datozela ere argudiatu da, eta hala jasotzen da esaterako AEBetako Konstituzioko 13gn Emendakinean; justifikazio hori, ordea, zalantzazkoa da, munduan ateoak edo Jainkoarekin sinesten ez dutenak asko eta asko izanik, nekez aurki daiteke haiei giza eskubideei buruz konbentzitzeko modurik, are eta nekezago giza eskubideak berez unibertsalak badira. Beste ildo batetik, giza eskubideak moralez justifikatzea bilatu da, mundu guztiak onartu lukeen moral batez alegia, baina bide horrek ere oztopoak ditu, munduko gizakien artean ez baitago egun adostasunik giza eskubideen inguruan, zeintzuk sartzen diren horietan eta nola, eta zaila ikusten da aurrerantzean ere horren inguruan adostasuna aurkitzea. Giza eskubideak etikaz ere justifikatu daitezke, giza eskubideak definitu eta ezartzeko arrazoi sendoak daudela adieraziz, eta batzuen ustez, argudio hori ahula eta estua bada ere, egun nagusitzen dena, arrazoi moralekin eta juridikoekin batera. Hain zuzen, ikuspuntu horretatik justifikatzen bereziki Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalean.

Azkenik, giza eskubideak politikaz definitu behar direla aldezten dutenak ere badaude. Ikuspuntu horretatik giza eskubideak premiazko eskubideak lirateke gizartean, gizaki eta nazioen arteko lakidetzarako harremanak definitzen baitituzte. Irizpide praktiko horretatik definitu beharko lirateke giza eskubideak. Hala, giza eskubideak urratzean nazioartearen eskuhartzea baimenduko litzateke. Alta bada, modu honetan definitzen diren giza eskubideen zerrenda labur samarra izangoi litzateke, eskuhartze hori etengabekoa ez izateko. 1

Erreferentziak

1.
Human Rights (tanford Encyclopedia of Philosophy). Stanford Encyclopedia of Philosophy. https://plato.stanford.edu/entries/rights-human/. Published 2014. Accessed March 28, 2017.