Globalizazioa

Globalizazioa XX. mendearen bukaeran eta XXI. mendearen hasieran herrialdeen arteko integrazio ekonomiko, politiko eta soziala ekarri duen prozesua da, mundu osoko gizakiei komunikazioa eta garraioa eta erraztu eta enpresei negozioen eta truke ekonomiko eta finantzarioen aukerak zabaldu dizkiena, bereziki beste herrialde eta kontinenteetako gizaki eta enpresekin. Bereziki komunikazio-teknologiaren eta garraioaren zabalkuntzaren esker garatutako prozesua izan da. Globalizazioaren beste ezaugarri nabarmen bat Aro Modernoan XX. mendera arte estatuek izan duten boterea galtzea, mundu mailan eratutako bloke geopolitiko eta ekonomikoak nagusi bilakatu direnez. Batzuen arabera, globalizazioa Mendebaldearen eta kapitalismoaren ideiaren zabalkuntza planetarioa besterik ez da; horren haritik Marx-ek aurreikusi egin zuen fenomenoa, mundu mailako merkatua eta kapitalismo unibertsala kapitalaren berezko joera zirela adierazita, kapitalaren biziraupenak haren etengabeko zabalkuntza duenez ezinbesteko baldintza. Horren emaitza dira multinazionalak. Ondorioei erreparatuz gero, batzuei globalizazioak abantailak ekarri dizkien bitartean, beste askori efektu kaltegarriak ekarri dizkie, ondorio larriak sorraraziz haien ekonomian, kulturan eta ingurumenean. Ondorio horiek albo-efektu ugari ekartzen dituzte, hala nola migrazio masiboak eta ongizate-estatuaren gainbehera.