Hauts bihurtu zineten

Hauts bihurtu zineten Juan Kruz Igerabidek (Aduna, 1956) 2005ean plazaratu zuen eleberria da. Frankismoaren azken urteetan eta espainiar trantsizioaren hasieran girotua, lehenbizi haur eta gero mutil gazten baten bizitza kontatzen du, Beterriko herri batean. Era autobiografiko batean, batzuetan eguneroko moduan, garaiko giro politiko eta sozial nahasian, eta ondoan dituen pertsonaiei esker, bereziki Adela maistra eta lagunari esker, Joantxo protagonista helduarora nola heltzen den kontatzen da, ametsak eta ilusioak piztuz eta deseginez, urteen joan etorrian, liburuan erreferentzia sarria den budismoaren betiereko itzuliaren ideiarekin jolastuz, dena sortu eta hil egiten dela alegia. Izenburuak adierazten duenez, hauts bihurtu zen garai utopiko baten kronika da, hau bai, inoiz itzuliko ez dena.

Laburpena

1: Joantxo herri txiki batean bizi den mutikoa da, frankismo garaian. Txabola bateko ganbarara ezkutuan sartu da, Marro, bakarrik bizi den herriko gazte umezurtzaak eta txabolako jabeak, harrapatu eta eskaileratik behera botatzen du, hortik alde egiteko oihukatzearekin batera. Eroritakoan, konortea galtzen du. Etxean esnatzen da eta amak petrikiloaren bila joan direla esanez lasaitzen saiatzen da. Petrikiloak, ordea, beldurra ematen dio, txiki-txikitan gogoratzen baitu auzoko Joxe Mari bizikletatik erori zela eta petrikiloarenagana eraman zutenekoa, nola krak hotsa ikaragarria entzun zuen sorbalda bere lekuan jartzen ziola. Gogoratzen du, orobat, nola ibaian estropadak egiten ziren ibaian eta behin batela irauli eta hiru gazte itota hil ziren. Hanka hautsita, Petrikiloarenera doaz eta hark astindu mingarri izugarriak egiten dizkio. Hanka sendatuko zaion arren, betiko herren geratuko da Joantxo, petrikiloak dioenez. Etxean Marroren txabola ondoan zegoen Joxe Mariren txabolara sartu zela kontatzen du, baina egiatan txabolako kutxetan ustez egon behar zen baino aurkitu ez zuen zerbaiten bila ari zen. Bi kutxa zeuden txabolan, eta lehenengoan prismatikoak, kate-erlojua eta liburu zaharra aurkitu zituen; bigarrena miatzeko denborarik ez zuen izan, Marroren pausoak entzun zituenez.

2: Eskola maistra berria dator, Adela izenekoa, Julio maisu frankista laguntzera. Adela maistra berritzailea da, eta lortzen duen lehen gauza mutilak eta neskak elkartzea da, Juliorekin banandurik egon ondoren. Klase partikularrak debalde ematen ditu, Juliok ez bezala. Joantxok poemak idazteko zaletasuna du. Adela iritsi baino lehenago, Julio maisuak poemak aurkitzen dizkio eskolan eta beste haurren aurrean barregarri egiten du, bere poemak imintzioka irakurriz eta iseka eginez; Herrenko ezizena ere jarriko dio haurren aurrean, Marroren txabolan erori ondoren, herren geratu denez. Hurrengo egunetan, iseka eginez jarraitzen du. Egun batean, poema berriak ekartzeko agintzen dio irakasleak, bere kontura barre egiteko ikasleekin; Joantxo burumakur geratzen da, ezer esan gabe. Poemak ekarri ez dituelako ernegatuta, maisua masailekoak ematen hasten da, Joantxok putakumea deitzen dio, eta hori adituta, sekulako jipoia ematen hasten da. Joantxo ez da kikiltzen eta berriz ere putakumea deituta, etxera bidaltzen du betirako. Etxera iristen denean, aitak aurkitzen du kamioi azpian lanean bihurkin batekin, eta zer gertatu zaion galdetzen dio. Joantxoak ez du ezer erantzuten, baina kolpe-arrastoak ikusita, eskutan bihurkina hartuta, eskolara darama bueltan. Juliori kargu hartzen dio serio. Eta hortik aurrera bukatuko dira Julioren irainak eta isekak, baina kasurik ere ez dio egingo aurrerantzean. Adelak proposatuta, batxilergoaren iraileko errekuperazioa prestatzen du Joantxok, beste ikasle batzuekin batera, nahiz eta bere asmoa hasiera batean lanean hastea den, mekaniko ofizioa ikasteko, baina Adelak ikasteko gogoa pizten dio. Bikain aterako du azterketan. Gurasoek etxera gonbidatzen dute Adela, eta han jakingo du begetarianoa dela. Joantxok bere poemak erakusten dizkio, eta Juliok poemak direla eta egindakoa kontatzen dio. Adelak lagunduko diola agintzen dio. Adelak On Kixote liburua uzten dio, eta Joantxok gogoz irakurtzen du. Adelaren laguntasunarekin, zoriona da Joantxoren sentimendua garai horretan. Joantxori eta beste haur batzuei esker, Adelak euskaraz ikasten du, katalana baita jaiotzez. Julio Adelarenganako jeloskortasuna sentitzen hasten da.

3: Joantxok susmatzen du Adelak historia ezkutua duela, haren begiradan ikus dezake, eta Adelak bizitza gazi-gozoa dela erantzuten dio, ezer zehaztu gabe. Joantxok, berriz, bere burua gutxiesten du, Herrenko deitzen diotela eta, baina Adelak bere burua maitatzeko aholkua ematen dio, eta buruz batere herren ez dela esaten dio. Urte batzuk geroago jakingo du Joantxok Adelaren bizitzaren historia, nola bere aita maisu aurrerakoia zen, komunista ideologiaz, frankistek harrapatu zutenean falangisten eskola batean eskolak ematera derrigortu zutena, ideario faxista irakasteko. Aita Adela jasio eta gutxira hil zen eta bere amak gorriak ikusi zituen, baina ez zuen etsi alaba maistra ikusi arte. Urte batzuen buruan, Adela hilzorian dagoela, bere amaren ametsa betetzen ez jakitea deitoratuko du.

4: Narratzaileak, Joantxok berak, bere barruan indar ongilea zein gaizkilea ote dituen gogoetatzen du. Ondoren, hutsegitetzat hartzen duen gertakaria kontatzen du: mekanika zalea zenez, amaren bizikleta zaharra konpondu eta harekin amaren mandatuak egiten zituen; behin, amak barazki batzuk Adelari eramateko eskatzen dio. Adelaren maistra-etxera heltzean, barrutik Julioren ahotsa aditzen du, maitasun-jolasetan Adelarekin. Barazkiak ate aurrean utzi eta alde egiten du, Adela Juliorekin elkartuta egotea ulertu ezinik, eta guztiz minduta. Biharamunean ez doa eskolara, buruko mina aitzakiatzat harturik, eta modu txarrean erantzuten dio amari. Azkenean, Adela dator bere etxera, horrela zergatik dagoen galdetuz. Arrazoia susmatzen duenez, bere bizitzarekin nahi duena egiten duela ohartarazten dio Joantxori eta eskolara itzultzeko eskatu.

5: Adelak uste ez bezala, Joantxok gorrotoa ere badu barruan, Marroren eta Julioren aurka. Marroren txabolara ezkutuan sartzen da berriz, eta lehenengo hartan bezala lehenengo kutxa irekitzen du: erlojua hartu eta gorde egiten du. Bigarren kutxan lehengo hartan ere bilatzen zuena aurkitzen du: pistola eta bi bala. Aitak kontatua zionez, Marroren aitona errepublikazalea eta herriko komunista eztabaidan berotu eta dueloa egin zuten herriko plazan, baina azkenean ez zen ezer gertatu, Marroren aitona pistolarekin eta komunista eskopetarekin joan baziren ere; handik egun gutxitara gerra piztu eta erreketeak herrira sartu zirenean, komunistak alde egin behar izan zuen. Marroren aitonaren pistola zaharra eta bi balak hartu eta kontu handiz eskailera jaitsi eta alde egiten du txabolatik. Etxean pistola ondo garbitu eta bi baletan J eta M idazkunak jartzen ditu, Juliorentzat eta Marrorentzat direnez. Ondoren, bere gelako armairuan gordetako aitaren ezkontzako jaka azpian gordetzen ditu denak.

6: Joantxok frankismoaren amaieran herrian bizi zen girpo politikoa kontatzen du. Adelanren etxean taldeak biltzen ziren, eta herriko frontoian asanbladak egiten ziren. Bi talde nabarmentzen ziren, ORTkoak, maoistak, langileen aldeko borroka nabarmentzen zutenak; eta abertzaleak, ETAren aldekoak horietako asko, eta ORTkoak espainolistatzat hartzen zituztenak. Talde txikiaogak ere baziren. Aitak debekatua bazion ere, Joantxo joaten zen batzarretara, beti bazter batetik ikusten bazituen ere. Marro ere agertzen zen. Adela joaten zen baita ere, OIC talde komunista bateko kide batekin. Julio erabat aparte dago mobida horietatik, noski. Adelak Joantxori yoga liburua eskaintzen dio. Egilea komunista da, eta Joantxori bera ere Alderdi Komunistan dagoela aitortzen dio, haren aita haien traizioz atxikolu zuten arren. Joantxok kontraesana ikusten du hor, Adelak alde ezkutua duelako ideia indartzen diona. Joantxo batxilergoa ikasten ari da bere kontura, eta ordu libreetan mekanika ikasten du tailerrean. Carrero Blanco Espainiako presidentea erailtzen du ETAk. Herrian bibaka ospatzen da hilketa, baina Adelak, bakezalea izanik, gaitzetsi egiten du.

7: Juliorekikoa dela eta, Joantxoak harreman neutralagoa du: lilura pasata, orain harreman arrazoitsuagoa du berarekin, eta haren pentsamolde politiko eta filosofikoarekin interesatzen da. Horretan, Adelak yogari buruzko liburua uzten dio eta yoga egiten hasten da, lanaren eta batxilergoko ikasketaren errutinarekin batera. Hala ere, Adelaren jokabidea ulertu gabe jarraitzen du, areago behin Marro ikisten duenean kalean, lagunen aurrean harro, Adelarekin txortan behin eta berriz egin duelako. Marrok ikusi eta haren atzetik doa bere motorrean, Adelaren etxera zertara joaten den galdezka txantxetan. Herri osoan zabaltzen da maistra beroaren esamesa. Julioren aurkako pintadak agertzen dira eta horregatik Marro ia-ia harrapatzen du poliziak. Bitartean, Joantxo Marisa adiskidearekin elkartzen hasten da elkarrekin ikasteko eta.

8: Frankismoaren azken urteetan areagotu egiten da errepresioa. Adela ez dute atxilotuko, baina bai auzoko lagunak diren Joxe Mari eta Ana bikotea. Adelari zerbait gertatuz gero, Julio hilko lukeela pentatzen du Joantxok.  Franco hilda, Julio beldurrez ibiltzen da eta etxezuloan sarturik. Hala ere, Joantxo Adelarekin duen harremana galtzen doa, Marisarekin ibiltzen delako eta Adela ere pedagogia arloan buru belarri ibiltzen delako. Marisarekin txora-txora eginda dago, eta xirritan hasten da berarekin, berarentzat lehen sexu-harreman batez, zirraragarria.  Hala ere, Marisa batxilergoa amaitu eta unibertsitatera joaten denean, harremana eten eta bukatu egiten da, besterik gabe. Joantxo hori dena zergatik ari den kontatzen aipatzen du, eta hustu behar duela aitortzen du.  Marisarekin paseatzen dabilen batean, tiro hotsak entzun, korrika inguratu eta Julio tirokatu dutela ikusten dute. Anbulantziari deitu bitartean, Joantxo harengana inguratu, eta azken hatsa eman aurretik, haJuliok "Gora Adela" xuxurlatzen dio belarrira.

9: Julioren hiletara jende gutxi joan arren, herrian halako gaitzespen-giroa sortu zen. Hiletaren ondoren, Adelaren etxea doaz Joantxo eta Marisa. Joantxok batxilergoa amaitu eta agian ingeniaritza ikasten hasiko dela kontatzen du, eta Adelak animatu egiten du. Adela triste dago bere buruarekin, beti bikotekideren norbaitekin ibili arren, bakarrik sentitzen delako. Errudun sentitzen da Juliori gertatutakoaz. Kabroi hutsa izan arren, Juliok hilzorian barkamena esaktu nai izan ziola uste duela dio Joantxok. "Gora Adela" harekin zer esan nahi ote uzen gogoeta egiten dute. Bere kabutan, gogoeta egiten du heriotzaz Joantxok, heriotzarik gabe bizitzarik ez genukeela izango. Adelari buruz, alde iluna duela eta gizaseme basatiak dituela atsegin pentsatzen du.  Etxean, Joantxok Juliorentzat J jarria zuen bala hartu eta erreka zulo batera botatzen du, gogoratuz aldi berean zulo horretan nola katakumeak ito zituen Joxe Marik, eta katutxoak nola saiatzen ziren errekatik ateratzen. Lur azpian sartuz akabatzen zituenik ere bazen, eta gerrako hilobiak datozkio gogora. Adela katakaume horiek bezalakoa dela pentsatzen du, berataz gozatu baina azkenean errekara bota dutela gizonek. Azkenik, garai hartan gazteen artean sartu zen droga aipatzen du, nola gazte asko hil ziren, eta nola beste batzuk horren aurka gogor hasi ziren.

10: Tailerrean egun osoa lan egitera pasatzen da Joantxo, nagusiak eskatuta. Marisarekin nola eten zuen ere kontatzen du zehatzago, nola valladolidera joan zen hari bisita egitera baina trenez haruntza zihoala atzera iztuli zela. Lanean ordu asko sartzen ditu, eta diru asko irabazi ere bai. Autoa erosten du, eta hala ere dirutza aurreratzen du. Filologia karreran hasten da, urrutitik. Adela dator etxera bizimodu berriaz hitz egiteko. Aita elkartzen zaie eta herriko aspaldiko kontu barregarriak kontatzen dizkie, ohi ez bezala, aita isil samarra baita; hala ere, gerrako kontuez ez du ezer aipatzen, hor amildegia balitz bezala. Adelak biok elkartzen jarraitzeko eskatzen dio. Gogor ikasteari egiten dio eta gutxi ateratzen da, soilik noizean behin mendira, Joxe Mari eta Anarekin. Joxe Mari eta Ana jada ez doaz manifestaldietara, Julioren hilketarekin desados.

11: Marro etxe ziztrin batean bizi da, lanik gabe; inork ez daki nola ateratzen duen bizimodua. Tabernaz taberna ibiltzen da, bakarrik. Behin mozkortu eta tabernan zebilen harrijasotzaile bati iraina bota, eta ondorengo sesioan pistola ateratzen du Marrok. Auzoan dorga saltzailea dela zabaltzen da. Apaiz berria dator herrira, ekintzaile bizia, gazteekin eta kultura jarduerak antolatuz. Adela aritzen da harekin lankidetzan, Joxe Mari eta Ana ere bai. Eta baita Joantxoren ama ere; aitak, hori ikusita, bere baitan amildu zen, triste, eta bihotzekoak jota hil zen handik gutxira. Hortik aurrera, apaizak maiz egingo dizkio bisitak amari eta Joantxok susmo txarra hartzen dio horri, harreman sexuala ote den apaizak bilatzen duena. Bitartean, Espainiako trantsizioan jada, giro politikoa lasaitu egiten da, ezker muturra desagertu egiten da, eta iraultzaile izandako asko epeldu eta baten bat, "OICko idiskoa", Adelaren bikotekide izandakoa, Eusko Jaurlaritzan sartzen da. Amak kontatuta, aita gerran soldadu ibili zela daki, nola frankistak herrira sartu eta gazte guztiak sartu zituzten soldadu, gogoz kontra ere. Teruel aldeko borroka gogor batean, burua galdu eta aurrera egin zuen baionetaz etsaien aurka, oihuka. Ez zen gogoratzen zenbat hil zituen, eta bere onera egun batzuk geroago etorri zen. Orain ulertzen du Joantxok "ezta erotuta ere" esamoldea entzunda zergatik jartzen zen sutan. Donostiako Lagun liburudendan maiz liburuak erosten ditu Joantxok, eta halako batean Marro ikisten du, eta geroxeago Adela. Zerbait hartzera doaz, eta elkarri aitortzen diote liburudendan liburuak lapurtu zituztela garai batean, iraultzaileen artean ohiko ekintza zela. Adelak politika utzia duela esan, eta zertan dabilen berak eere ez dakiela aitortzen dio Joantxori. Politika garai berri tristeez hitz egiten dute, nola gauzak aldatzeko gogoa desagertu den. Marro ikusi duela dio Joantxok, eta Adela harrituarena egiten du. Joantxok gogoratzen du nola txikitan Marro azaldu zen eskolara Adelari "jatena" emateko, eta orain Adelak Marrori droga erosten diola uste du.

12: Joantxok gorrotoa dio apaiz berriari, nahiz eta denborarekin gorroto hori apaltzen doan. Elizaren lokaletan hitzaldiak eta ikastaroak antolatzen dira, eta bereziki giro politiko alternatiboan ibilitakoak biltzen dira haietan, sinestunak izan ez arren. Joantxok txalaparta ikastaro batean ematen du izena. Joxe Marik jo egiten du, eta hari entzunda geratu zen aspalditik liluraturik tresnarekin. Harekin batera ibiltzen da ikasten. Behin, Adelak yogari buruzko hitzaldia eman zuen; hitzaldiaren hasieran Marro agertzen da atetik, Joxe Marik iskanbilarik ez sortzeko ohartarazten du, baina hala ere geratu egiten da. Hitzaldiaren amaieran Joantxok drogen eta yogaren arteko loturaz galdetzen dio, Adelak guztiz aurkakoak direla erantzuten dio. Marro txantxetan hasten hori dela eta, baina Joantxoren amak bidali egiten du. Kanpoan Adelak Joantxori hori zergatik galdetu dion itauntzen dionean, Joantxok drogak hartzen dituela badakiela erantzuten dio, eta Marrok saltzen dizkiola.

13: Filologiako lehen urtea aterata, udan Picos de Europara doa herriko batzuekin Joantxo. Autobusean bertan Idoia neska gaztea ezagutzen du. Oso alaia eta irekia da, ausarta harremanetan. Joantxo guztiz du atsegin eta harremana oso azkar doa lehen egunetan.  Handik bueltatu eta txortan berehala hasten dira, Idoiak proposatuta. Sexualitate sutsuko neska da, eta harreman zintzoa nahi du Juaninekin, halaxe deitzen dio eta Idoiak, elkar maitatzeari uzten dionean bietako batek, besteari esateko. Uda horretan bertan, Idoia eta Joantxo, amarekin eta horren lagun batekin batera, Zamorara doaz oporretara. Zamorako hotelean lagun paristar batekin egiten du topo, eta harekin konfiantza handiz jokatzen du, biak bakarrik ere ateratzen dira. Joantxok zerbait arraro ikusten du harremanean. Herrira itzulita, Idoia lotara geratzen da batzuetan etxean. Amak neska horrekin azkarregi ote doan galdetzen dio, baina hala ere begi onez ikusten du harremana. Joantxo zoriontsua da, baina bere burua amildegi baten aurrean ere ikusten du.

14: Idoiarekin dabilenez, Adela apenas ikisten du, baina amak esanda badaki orain herriko kultura kontuetan ez dabilela. Zertan ibiliko ote den galdetzen dio bere buruari. Idoiak margotu egiten du eta erretratuak egiten dizkio Joantxori eta bere amari. Noiz edo noiz Joxe Marirekin txalaparta jotzen du, Idoiarekin harrapatuta egon arren. Egun batean, Adela Marrorekin iksui duela iruditzen zaio, biak motorraren gainean. Idoiak bizitasuna ekarri du etxera, ez dira inoiz gelditzen, mendian ibili, Idoiak plater bikainak egiten ditu, eta gero txortan. Ama ere bizitu dela dirudi, eta nobioren bat edo zerbait baduela aitortzen du, Joantxo harrituta utziz.

15: Adela pedagogia berritzailean ibiltzen da, hura ere droga balitz bezala, benetako droga utzi gabe. Joantxo lanean eta ikasten jarraitzen du. Idoiarekin jarraitzen du, hura ere beti bezain aktibo, eta behartsuei laguntzeko joera berezia du, izan ere erizaintza ikasten ari da. Idoia Leire izeneko lagun batekin topatzen du askotan Joantxok. Joantxok ez du Idoiaren aurrean bere nortasuna erabat biluztu nahi, beldur da bere sekretuak, bere gorrotoak, Adelarekiko harremana, azaleratuko ote diren. Egun batean, halabeharrez egiten dute biek topo Adelarekin. Adelak Idoiari txikitan Joantxok poemak idazten zituela kontatzen du, Idoia harri eta zur utziz. Adelaren etxean afaltzeko geratzen dira. Adelak alde egiten duenean, Idoiak Adelarena eta txikitako istorioak zein isilik zeuzkan aurpegiratzen dio erdi txantxetan, Adelarekin maiteminduta al zegoen orduan, eta Joantxok ezetz dio, besterik gabe. Tiraka ez egitearren, Idoiak aitortzen du barrukoa askatzeak bere denbora behar duela; bide batez, Adela oso gaizki dagoen emakumea dela ohartarazten dio.

Egun batean, Joxe Mari lasterka datorkio Joantxori, Ana ezezagun batzuek auto batean eraman dutela esanez. Autoa hartu eta haren bila abiatzen dira. Toki ezkutu batean Ana eraman duten autoa ikisten dute, eta ondoan bizi den baserritar bati laguntza eskatzen diote. Haren txakurrak hartu eta eskopetarekin airera tiro eginez autoa ikusi duten lekura abiatzen dira. Bahitzaileek ihes egiten dute, eta Ana konorterik gabe eta gorputza ubelduta aurkitzen dute. Salaketa jarri arren, kasua ez da argitzen, garai hartan espainiar poliziek eta horren lagunek egindako hainbat basakeria bezalaxe.

Idoiaren amak Euskadiko Ezkerra alderdiaren aurkezpena egiten du herrian. Joantxo, Joxe Mari eta Ana, eta Adela ere badoaz. Ez dira erradikalak, eta HB alderdi abertzaleak traizioa leporatzen die. Hori kontatzen ari dela, garaiak zenbat aldatu diren pentsatzen du Joantxok. Gogoratzen du nola frankismo garaiko herri batzar sutsu batean ustez poliziak azaldu eta denak iheska atera zirela. Baina Marroren eta bere lagunen txantxa zen, poliziarena eginez. Barrezka hasieran , baina Joxe Marik hori horrela ezin zela geratu erabaki, eta Marro eta lagunak gau oso batean egon ziren lotuta plazako zuhaitz batera, Adela biharamunean askatu zituen arte.

16: Anaren bahitzaileek etakideen izenak galdetu zizkioten Anari. Joantxo Idoiaren etxera doa Adelaren etxera joan behar dutelako afaltzera: Idoia amarekin eta horren bigarren senarrarekin, bere aitarodearekin alegia, bizi da, baina harekin ez da ondo konpontzen, eta sesioak izaten ditu maiz, Idoia ez baita isiltzekoa, Joantxo bezala. Hala, Joantxok balarena eta kontatu beharko dizkiola pentsatzen du, gainera harekin gero eta maiteminduago dago. Adelaren etxean bapo jaten dute, Idoiak ere janaria ekarri du-eta. Ondoren, musika aditu eta gizarte giroaz eztabaidatzen dute: Adela ezkorra da, gauzak nekez aldatuko direla, eta orain arte egindako guztia (yoga, ...) ez dela ezertarako izan. Adelak burua makurtu eta negarrez hasten da. Joantxo animatzen hasten da, lagundu nahi diola, eta bera eta besteak laguntzeko asko egin duela esanez. Adelak, ordea, bere bizitzaren hondamendia ikusten du, eta ez du uste berak emandako ezer baliozkoa izan denik. Adelak goraipatu egiten du Joantxo, gogoratuz nola Ana erreskatatzera joan zen Joxe Marirekin. Joantxok drogarena aipatzen dio, baina Adelak ez du horretaz hitz egin nahi, baina Joantxok psikologoarengana edo joateko esaten dio. Joantxok laguntza eskaini nahi, eta Adelak dirua eskatzen dio, baina azkenean uko egiten dio dirua hartzeari. Adelaren etxetik atera eta Marro ikusten dute mozkorturik, eta zirikatzen hasten da, ea orain birekin ibiltzen den oihukatuz. Idoiak aurre egin, baina Joantxok tiraka egiten dio atzera, Marro bere amari irainka egiten dion bitartean. Plazatik irten, eta Joantxok Adela ez dagoela ongi esaten dio Idoiari.

17: Joxe Marik Joantxoren aitaren kamioi zaharra erosi ondoren, biak elkarrekin afaltzera doaz. Joantxok bere militantziaz galdetzen dio Joxe Mariri. Joxe Marik ETAn ibilia zela aitortzen dio Joantxori, baina komandoa azkenean utzi egin zuela, herriko batzar batean sartu eta jendeari tiro egitea agindu zuen goardia zibilaren buru Panizo hiltzea agindu ziotelako, eta bera hilketen aurka dagoelako. Joantxo harritzen da, sinetsita baitzegoen ETAren seigarren asanbladakoekin, borroka politikora aldatu ziren haiekin, lerraturik zegoela. Azkenean, ETAk hil egin zuen Panizo, eta Joantxok justifikatu egiten du, horrela haren torturak amaitu zirelako, baina Joxe Marik ez du onartzen argudioa, eta garai batean ospatu bazuen ere, Carrero Blancoren hilketa ere gaitzesten du. Gogoratzen du nola Alberto apaiza joan zen Panizorengana, hilzorian zegoela laguntzera, eta nola esaten zuen horrela, hilketaz, ez zegoela gizartean aurreratzerik. Joxe Mariren jokaerak, ordea, ondorioa ekarri zion gerora herrian: susmoak zabaldu ziren koldarra zela eta ez fidagarria. Hala ere, Joantxok bere bizitzako pertsona miresgarrienetakoa izan dela egiten du gogoeta, Idoia, Marisa, Ana eta Adela bezalaxe.

18: Idoia erizaintza eskolan matrikulatu eta gogor ikasten du, Joantxorekin batera. Joantxok Adelari buruzko konturik ez esatea erabakitzen du, eta bere baitarako uzten du. Buruko arazarik ote duen galdetzen du, baina harrigarria egiten zaio beste alde batetik hain orekatua dela ikusita; bere familiak bizitakoagatik edo bere ideologiagatik ote den ere pentsatzen du. Bere gelako leihotik bere mugimenduak zaintzea erabakitzen du. Marro ikusten du egunean zehar zenbait bider sartzen eskolara, eta Adelari droga saltzeko dela garbi ikusten du. Idoia harrituta dago, zer ari ote den kalera begira denbora guztian, eta horregatik Joantxok kontu handiagoz egingo du hortik aurrera. Alberto apaiza gau batean Adelaren etxera sartzen ikusiko du eta uztartuak direla pentsatuko du. Idoiak eta Joantxok azterketa guztiak gainditu, eta Joantxok lanean oporrak eskatuta, Frantziako Côte d'Azur-era; hango hondartza batean, neska bat hurbiltzen zaio Joantxori eta Idoiak zakar bidaltzen du, jelosiaz. Joantxok bien arteko harremana hondatzen ari dela pentsatzen du.