Hawthorne efektua

Hawthorne efektua pertsonekin egindako esperimentuetan jaso den erreaktibitate-efektu bat da, non pertsona horiek euren emaitza edo errendimendua kontrol-taldean zein tratamendu-taldean izanda  handitu egiten duten, besterik gabe esperimentuan parte hartzeagatik motibatuago egoteagatik. Efektua 1920 eta 1930eko hamarkadetan egindako Hawthorneko esperimentuetan jaso zen, non langileen produktibitatearen aldaketak biltzen ziren lan-kondizioetan izandako aldaketen ondorioz; esperimentu horren ondorioz, lan-kondizioak aldatuta zein aldatu-gabe, produktibitatea beti gehitzen zela ondorioztatu zen. Ondorioz, urte haietan garatzen ari zen Gizarte Harremanen Eskolak efektua bereganatu eta langileen motibazioak enpresa barruko gizarte-integrazioarekin erlazio zuzena zuela frogatzeko balio zuen. Geroztik bereziki lan-psikologiaren eta lan-antolaketaren eremuan aipatutako efektua izan da, baina saiakuntza klinikoetan ere jaso da, esperimentuetan parte hartze soilak osasun-egoeraren hobekuntza ekarri izan duela ikusita. Dena den, ustezko Hawthorne efektuaren hiri-kondairatzat jo izan da batzuen aldetik, Hawthorneko esperimentua behar bezain zorrotz burutu ez eta jasotako datuek efektuaren ebidentzia argirik azaltzen ez dutelako.

Ikus, gainera