Hazkundea enpresan

Enpresaren hazkundea enpresaren dimentsio edo tamainan izandako aldaketa da, ekoizpenean, salmentan, mozkinetan, eskaintzen duen produktu eta zerbitzuen kopuruan edo diharduen merkatuen zabaleran, aldi berean enpresaren egitura ekonomikoan eta antolakuntzan ere aldaketak ekartzen dituena. Hazkundea positiboki baloratzen den lorpena da, enpresari etorkizunean garatzeko aukerak ematen dizkiolako; ekonomia kapitalistan, gainera, enpresek hazteko helburua etengabe izan behar dute, gutxienez lehiakideen aurrean euren posizioa mantentzeko.

Hazkunde motak: barnekoa eta kanpokoa

Funtsean bi modu daude hazkundea izateko:

  • barne hazkundea, enpresak inbertsio produktiboak enpresan bertan garatzen dituenean;
  • kanpo hazkundea, enpresak beste enpresa batzuk erosi eta beste enpresa batzuekin bat egiten duenean.

Barne hazkundea ohikoa da enpresaren jardunaren hasieran, eta maiz enpresaren berezko baliabideetan oinarritzen da, bazkideek ekarpen berriak eginez zein lortutako mozkinak enpresan bertan berrinbertituz; horrela ez da kolokan jartzen enpresaren finantza-oreka, baina eragozpen gisa aipatu behar da horrelakoetan hazkundea motelagoa ere izaten dela eta horrek abantaila ematen diela lehiakideei haien posizioa sendotzeko.

Kanpo hazkundeak, berriz, kanpo finantzaketa behar izaten du, eta horrek finantza-arriskua ekar diezaioke enpresari, baina abantaila moduan askoz ere hazkunde azkarragoa ekartzen du.