Idealismoa

Idealismoa korronte filosofiko ezberdinak izendatzen dituen terminoa da. Gottfried Wilhelm Leibniz-ek (1646-1716) asmatu zuen, pentsamendu platonikoa izendatzeko, enpirismoari kontrajarrita. Geroztik, objektu fisikoek gure kontzientziatik at existentziarik ez dutela edota gutxienez kontzientzia horri buruz independenteak ez direla, eta beraz ideia hutsak direla, baieztatzen duen teoria gisa ulertu da, errealismoari kontrajarrita. Idealismoaren baitako korronte nagusietako bat idealismo alemaniarra izan da; horren abiarazlea Johann Gottlieb Fichte (1762-1814) izan zen, idealismo subjektiboa garatu zuena, zeinaren arabera mundua subjektuak eratzen duen; Friedrich Wilhelm Joseph Schelling-ek (1775-1854) idealismo transzendentala edo idelaismo objektiboa zabaldu zuen, zeinaren arabera natura adimen kontzientea den. Idealismo alemaniarraren gailurra Georg Wilhelm Friedrich Hegel (1770-1831) izan zen, idealismo absolutua idealismo objektiboaren eta subjektiboaren uztartze moduan eratu zuena. Idealismo alemaniar guztien kontzeptu nagusi bat Absolutua da, izpiritu moduan definitu daitekeena, eta guztion jokabidean nahiz historian isla daitekeena.1

Erreferentziak

1.
Iannone AP. Idealism. In: Dictionary of World Philosophy. ; 2001:251-253.