Induktibismoa

Induktibismoa XVI-XVIII. mende bitartean izandako Iraultza Zientifikoaren garaian Francis Bacon-en (1561-1626) eskutik sortu eta garatutako korronte epistemologikoa da, behaketaz eta saiakuntzaz eskuraturiko datuen indukzioa zientzia aurreratzeko metodo bakartzat onartzen duena. Induktibismoaren helburua ezagutza enpirikoa da, behaketaz soilik jaso daitekeena, eta ezagutza abstraktoa guztiz baztertzen du. Indukzioan, datuak jasotzen dira, behagarriak diren objektuen gainean, eta haietatik objektuei buruzko propietate orokorrak edo legeak eskuratzen dira, beste datuekin alderatuz, lege orokorragoetara eramaten dutenak.

Induktibismoa Erdi Aroko eskolastikan nagusitu zen metodo aristotelikoaren aurka sortu zen. Hain zuzen, Bacon-en ideiak Novum Organum lanean plazaratu zituen, Aristotelesen Organum lanaren kritika gisa. Izan ere, aristotelismoak indukzioa baliatzen bazuen ere, behagarriak ez diren a priori kontzeptuetan oinarrituz dedukzioa ere erabiltzen zuen. Induktibismoak eragin nabarmena izan zuen Iraultza Zientifikoan; Isaac Newton bera ere induktibista zorrotza izan zen, eta hypotheses non fingo  sonatua ("hipotesirik ez dut planteatzen") bota zuen grabitatearen azalpena edo kausa eskatu ziotenean, behaketa soilera mugatu nahian. John Stuart Mill (1806-1873) filosofo eta ekonomialaria ere induktibista nabarmena izan zen.1

Erreferentziak

1.
Ladyman J. Induction and inductivism. In: Understanding Philosophy of Science/James Ladyman. Routledge; 2002:11-30.