Inkestak

Inkesta populazio batetik aukeratutako pertsonen lagin baten gainean jasotako datuen multzoa eta datu horiek jasotzeko prozesua da, horretarako galdetegiak edo elkarrizketak baliatuz. Bereziki erabilgarriak dira populazio handi eta mugagabeen kasuan, zentsuak egitea ezinezkoa delarik; aldiz, ez dira egokiak aztertu beharreko fenomenoan historiak garrantzi handia duenean (ikus, historizismoa). Inkestetan bereizten dira zeharkako inkestak (lagineko informazioa une jakin eta bakar bati buruzkoa denean), zeharkako inkesta errepikatuak (informazio berdina une ezberdinetan jasotzen denean, eta lagin ezberdinetarako) eta panelak (lagin beraren gainean informazio berdina une batzuetan zehar jasotzen denean). Inkesta baten garapenak diseinu zorrotza behar du azkenik: laginketa mota erabaki, galdetegiaren diseinua, laginaren aukeraketa bera planifikatzea (konfidentzialtasuna zainduz, besteal beste), errorearen kontrola eta datuen azterketa biltzen ditu.12

Etimologia: latinezko inquirere ("bilatu") hitzetik, Erdi Aroan inquaesita moduan izen bihurtua.

Beste hizkuntzetan: gazteleraz, encuesta; ingelesez, survey.

Erreferentziak

1.
Fundamentals of Survey Research Methodology . mitre.org. https://www.mitre.org/sites/default/files/pdf/05_0638.pdf. Eskuratua urriak 2, 2017.
2.
VISSER PS et alia. Survey Research. University of Stanford. http://web.stanford.edu/dept/communication/faculty/krosnick/Survey_Research.pdf.