Inpresionismoa

Claude Monet-en 1872ko "Inpresioa: egunsentia" margolana, mugimenduari izena eman ziona. (Eremu publikoan).

Inpresionismoa 1860ko hamarkadan Frantzian sortutako mugimendu piktorikoa da. Erromantizismoan nabarmentzen zen emozioaren eta irudimena bazterturik, natura eta egunerokotasuna islatzea, artistarengan sortzen zen inpresioa jasotzea alegia, bilatzen zuten, bereziki argiari, koloreari eta ehundurari dagokionean. Aurreko margolaritza akademikoarekin haustura ekarri zuten: hiru dimentsioko sakontasuna gutxitu eta azalera laua nabarmendu zuten, paisaietan berde, marroi eta grisen ordez, kolore biziago eta distiratsuak, eta itzaletan grisak eta beltzak ezabatu eta kolore osagarriak baliatzen zituzten, uneak adierazten zuen bizitasuna irudikatzeko. Eszena estatikoak baztertuz, iheskorrak ziren ezaugarriak bilatu zituzten, argiak eta mugimenduak nabarmenduz. Artista inpresionisten artean talde zentral bat aipatu behar da: Claude Monet, Pierre Auguste Renoir, Camille Pissarro, Alfred Sisley, Berthe Morisot, Armand Guillaumin, eta Frédéric Bazille, elkarrekin lan eginez joera markatu zutenak. Edgar Degas eta Paul Cézanne 1870eko hamarkadan izan zuten bolada inpresionista. Édouard Manet 1873 urtean bildu zen taldera, hasieran aparte egon arren haiengan eragin handia izan zuen arren. Inpresionismo hitza 1874 ko lehen erakusketa inpresionistan erakutsitako Monet-en Inpresioa: egunsentia (1872) margolanetik dator. Gerora erakusketa inpresionistak izan ziren 1876, 1877, 1879, 1880, 1881, 1882 eta 1886 urteetan. Hasieran, inpresionismoak ez zuen arrakasta handirik izan eta horren ordezkariek gorriak ikusi zituzten euren lana aurrera ateratzeko, eta 1880ko hamarkadara arte itxaron behar izan zuten arrakasta izateko. Inpresionismoaren eragina XIX. mende bukaerako eta XX. mendeko margolaritzan handia izan da. Postinpresionismoa, margolanen indar emozionala eta sinbolikoa indartuz, eta neoinpresionismoa, efektu optikoak narbamenduz, izan ziren mugimenduaren ondorengo zuzenak.

268 hitz
Kategoriak