Introspekzioa

Introspekzioa (latinezko intro, "barruan", eta spicere, "begiratu", hitzetatik) edo barne-begirada nork bere baitan bildu eta bere prozesu mentalak (gogoetak, sentimenduak eta asmoak) aztertzea da. Adibidez, introspekzioa egiten dugu geure barrura begiratzen dugunean pozik, haserre eta triste nagoen jakiteko, irudimena berreskuratzean zein pentsamendu bat zergatik bururatu zaidan aztertzean. Introspekzioaren aurreko definizioak autokontzientzia eskatzen du baldintza gisa: introspekzioa ez da posible norbera izaki bereizi eta independentea ez bada, autokontzientea ez bada alegia. Ildo horretatik, introspekzioak gogamen/gorputza ikuspuntu dualista batean oinarritzen da, filosofoen eta psikologoen artean gai eztabaidatsua dena. René Descartes-ek, adibidez, onartu egiten zuen introspekzioa eta horren emaitzak guztiz baliozkotzat hartzen zituen, hala nola ikusi eta entzun egiten dugula; Ludwig Wittgenstein-ek ordea ezetsi egiten zuen introspekzioa eta egoera mentalen islada besterik ez zirela adierazi zuen, mina sentitzean kexatu egiten garenean bezalaxe.

Introspekzioa, era esperimentalean, psikologiaren metodo zientifikotzat hartu zen XIX. mendean, intropekzionismo izeneko eskola psikologikoaren baitan, bereziki Wilhelm Wundt-en (1832-1920) eskutik. Wundt-ek ikerketa ugari egin zituen subjektuak hainbat estimuluren aurrean jarri eta haiei nolako sentsazioak zituzten galdetuz, introspekzioz. Gerora, ia guztiz baztertu den metodoa izan da, introspekzio zientifiko baterako geure gogamena bereiztea ezinezkoa dela argudiatuz, besteak beste. Introspekzionismoa kontzientziaren eta gogamenaren existentzia ukatzen duen konduktismotik kritikatu zen bereziki, hala nola subjektuaren erantzunak beraiek jokabideak direla kritikatuz.