Islamismoa

Islamismoa islama oinarri duten mugimendu soziopolitikoen multzoa da. Denetariko proiektuak biltzen ditu, irekiak nahiz itxiak, baina orokorrean islama bizitza sozialaren alderdi guztien erreferentzia izatea du helburu, arlo sozial, politiko, ekonomiko nahiz kulturalean, bereziki xaria edo lege islamikoa. Terminoak ez du itzulpen zuzenik arabieraz, al-haraka al-ismaliya ("mugimendu islamikoa") parafrasia har daiteke gertukotzat. Edonola ere, islamismoa kontzeptu lausoa, gizarte mugimenduak, alderdi politikoak zein talde armatuak biltzen dituena, betiere arestian aipatutako helburuak dituztenean.

Islamak arlo politikoan jarduteko duen joera islamaren hasiera-hasieratik garatu zen, Mahomak berak helburu politiko argiak zituenez, baina XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran garatu zen bereziki, Mendebaldeko kolonialismoaren aurkako erreakzio gisa. Hain zuzen, 1928 urtean Anaia Musulmanak izeneko mugimendua hartzen da islamismoaren mugimendu paradigmatikotzat.