Kapitalismoa

Kapitalismoa ekoizpen-bitartekoak jabetza pribatuan eta, irabaziak eskuratzeko helburuarekin, ondasun eta zerbitzuen merkataritzan oinarritzen den sistema sozioekonomikoen multzo bat da. Ekoizpen-bitartekoen jabetza duten pertsona eta taldeak kapitalistak direla esaten da, eta garrantzi berezia ematen diete ekoizpenerako eta merkataritzarako baliabideak gehitzeari, hots, kapitala handitzeari. Kapitalismoaren beste ezaugarri batzuk konkurrentzia edo lehia askea, industrializazioa eta masako kontsumoa dira. Kapitalismoaren kritika zorrotzena marxismotik egin da. Marxismoan, kapitalistek langileek ekoiztutakoaren zati bat bakarrik ordaintzen dietela baieztatzen, gainerakoa, plusbalia izenekoa, eurentzat gordez haien kapitala handitzeko. Kapitalismoaren kritikoen arabera, sistema hori bidegabea da, langileen esplotazioa dakarrelako; kapitalismoaren aldezleek, berriz, baliabideak banatzeko modu egokiena dela deritzote, kapitalisten ekarpena ere saritu behar delako. Kapitalismoaren aurkako kritiko zorrotzenek kapitalismoa gainditu eta gizarte sozialista bat aldarrikatzen dute. Erdi Aroko Europako feudalismoaren gainbeherarekin batera hasi zen garatzen kapitalismoa, eta geroztik etengabeko zabalkuntza izan du mundu osoan; hain zuzen, XXI. mendeko globalizazioa kapitalismoaren mundu mailako hedatzea besterik ez da askoren ustez.