Karl Popper

Karl Popper (1902-1994) zientziaren filosofo nabarmena da. Gaztetan marxismoarekin eta psikoanalisiarekin interesaturik, laster zientziaren filosofiara bideratu zuen bere hausnarketa, zehatzago zientzia mugarritzera, zientzia beste arloetatik zertan bereizten den aztertzera alegia. Popper-en arabera, zientzia konjetura edo aieruen bitartez egiten du aurrera, errealitatetik jasotako ebidentziarekin alderaturik faltsu bilakatzen diren aieruak baztertuz eta faltsutu ez direnak onartuz; hala, errealitatera hobekin moldatzen diren aieruak onartzen joaten da zientzia. Beraz, zientzian faltsugarritasuna funtsezko irizpidea da aurrera egiteko, eta beraz, teoria bat faltsugarria denean soilik, datuen aldean baztertu egin daitekeenean alegia, baieztatu ahal izango da zientifikoa dela. Horretan, positibismo logikoko filosofoen aurkakoa da, haiek egiaztapen-irizpidea aldezten baitute zientziaren aurrerapenean; haiek ez bezala, Popper-ek teoriak inoiz ez direla guztiz egiaztatzen baieztatu zuen. Egun, Popper-en ikuspegia zorrotzegia dela irizten da, aieru bat faltsutu eta baztertu ordez, jarduera zientifikoan aieruak datuetara moldatzen saiatzen baita orokorrean, teoria onargarria osatu arte.