Katu jendea (Eider Rodriguez)

Katu jendea Eider Rodriguez idazleak (Errenteria, 1977)  2010 urtean plazaratu zuen ipuin bilduma da. Liburuaren proiektuak 2008ko Igartza Saria irabazi zuen. Gai ezberdinen harietatik bilbatzen dira ipuinak: "Katu jendea" ipuinak, liburuari izenburua ere ematen diona, maitasun aukera galdua, errutinaren poderioz, da ardatza, katu bana duten eta bizilagunak diren emakume eta gizon adindu biren artean; "Hagina" ipuinean galera eta bakardadean besteekin elkartzeko izan dezakegun modu baldarra kontatzen dira; "Hazia"-n, berriz, emakume amaberri baten gogoetak biltzen dira, haurra izateak gizartearen begietatik bizimoduan sorrarazi dion aldaketaz; "On the road" euskal presoen sakabanaketaren ondorio lazgarri bat kontatzen da, "Kapitalismoa" ipuinak dirua neurrigabe biltzeak ekar dezakeen deshumanizazioa du gai nagusi.

Laburpena

Katu jendea

Agnes eta Yves (Duhalde andrea eta Dubois jauna, elkarri deitzen diotenez) adinean sartutako Ipar Euskal Herriko emakumea eta gizona dira, elkarren ondoan bizi arren apenas harremanik ez dutenak. Dubois jaunak lanpara denda baten jabea da, eta furgonetaz abiatzen da egunero lanera, bananduta dago eta bi seme ditu. Agnes erretiroa hartu berria da, ezkongabea da eta ilusio handirik gabe bizi da; Dubois jaunarekin harreman handirik ez duen arren, bere bizimoduari buruzko xehetasun asko dakizki, hala nola semeen bisitak noiz jasotzen dituen eta zertaz hitz egiten duten. Biek ala biek katua dute etxea, Lili katemea Agnesek, eta Aitatxi, Yvesek. Hain zuzen, katuak direla eta egiten dute lehen enkontrua elkarrekin: bi katuak elkar-gainka ari dira, estalketan, Agnesen lorategian. Lehen enkontrua hori laburra da, eta katuei buruz bakarrik hitz egiten dute. Aurrerago, ordea, gauez egoera errepikatu egiten da, gauez Aitatxi Liliren bila doanean. Yvesek barkamena eskatzen dio Agenesi, katarra behar bezala ez kontrolatzeagatik, eta Agnesek bizkotxoa hartzera gonbitatzen du etxe barrura. Argi dago Agnes erakarrita sentitzen dela Yvesengana.

Lili ernari bide dago, ume egiteko, eta Agnesek albaitariari deitzen dio. Albaitariak katemea hustu, eta ernari badago benetan, abortua egiteko aukerak ematen dizkio Agnesi. Yvesengana doa egoeraren berri emateko, eta katakumeak izata erabakitzen dute. Elkarrizketak haien egoera sentimentala besteari azaltzeko aukera ematen die: Yvesek banandua dela esaten dio Agnesi, honek ezkongabea dela aipatzen dion bitartean.

Umeak egiteko momentua heltzen da. Lilik Agnesen logelako armairua aukeratu du ume egiteko tokitzat. Lilirentzat tokia behar bezala prestatu ondoren, Yvesi deitzen dio jaiotza ikus dezan. Lau katakume jaioko dira azkenik. Beste batean, argazkia ateratzen dute elkarrekin, katakumeak oparitzeko iragarkian jartzeko.  Berehala hartuko dituzte, baina horrekin batera Lili desagertu egiten da. Biak ibiltzen dira katemearen bila, auzoan gora eta behera, eta azkenean Yvesek aurkituko du bere etxeko sotoan hilda. Elkarrekin lurperatzen dute Agnesen lorategian. Ordurako, elkarrekin atxikimendu handia badute ere, lehenengo bizimoduetara itzultzen dira biak, aurreko denbora guztian bion artean sortu eta aitortu gabeko desioa poliki itzaltzen utziz.

Hagina

Ane Basabe 29 urteko neska da, erizaina. Orain arte bere mutila izan den Gorkarekin afaltzen ari direla, bien arteko harremana itxi behar duen afaria hain zuzen, hagina erori egiten zaio. Emakume haginlari baten kontsultan saio batzuen ondoren, protesi batek hartzen du galdutako hortzaren lekua. Bitartean, ordea, gauzak aldatu direla igartzen du. Ane ederra da, baina jendeak lehengo miresmenarekin tratatzen duela sentitzen du, gutxietsia. Denbora bere gorputzean ere pasatzen dela ikusten du. Kontsultako azken saioan, haginlariak protesiak Jon Somozak egin diola esaten dio. Somoza institutu garaiko gelakidea da, kaskarra eta motza Aneren iritziz, behin gaixo zegoela Aneri maitasun gutun erridikulua bidali ziona. Haginlariak Ane izateagatik Somozak deskontua egingo diola esaten dio. Ane behartuta sentitzen da hari deitu eta gutxienez eskerrak emateko. Deitzen dionean, Somozak elkarrekin geratzea proposatzen dio, zerbait hartzeko edo. Ez daki nola edo zergatik, agian bakarrik sentitu eta bere burua gutxietsia ikisten duelako, baina Gorkaren gonbitea onartzen du. Taberna batean elkartu eta Somozak negozioa ondo doakiola dio, baina diruari baino bizitzari ematen diola garrantzia. Anek Jon gaztetako berdina dela ikusten du, hari buruz zuen iritzia ez da hobetu. Hala ere, Aneren etxean bukatzen dute txortan egiteko.  Gaztetan Anek behin nola ukatu egiten zuen berarekin ibiltzea kontatzen dio.  Txortaldia bukatuta, Somozak berehala alde egin nahi duela esaten dio, etxean lo egitea nahiago duela eta. Hala ere, beste batean geratzeko eskatzen dio; Anek hesia jartzen dio, txortaldia momentuko gauza soilik izan dela esanez, beste ezer ez. Somozak onartu egiten du, baina alde egin baino lehen txantxa egiten dio Aneri bere hortzeriaren igeltsuzko moldearekin, zinismo puntu batez. Brastakoan atea ixten dio Anek eta moldea puskatu egiten du. Ohean, Gorkaren elastikoa jantziko du, iraganarekin bakeak eginez.

Hazia

Ama berri bat zigarroa erretzen ari da aspaldiko partez etxeko leihotik. Bere haurrak bost hilabete ditu. Gogoeta latza egiten du bere egoera berriari buruz. Dagoeneko ez diote lan proposamenik egiten eta jendeak kunplitzeko manerak betetzen ditu berarekin, baina egia esan saihestu nahi dutela iruditzen zaio. Bakarrik sentitzen da gainera, senarra lanean dago eta berandu dabil gaur ere etxeratzeko. Haren gurasoek jarri diote etxea, baina prezio altua ari da ordaintzen, maiz haien presentzia pairatu behar duelako etxean. Aktoresa da, baina lan egiteari utzi behar izan dio; gogoratzen du zuzendari batek haurraz bakarrik galdetu ziola ikusi zirenean, lan konturik aipatu ere ez. Erakarrita sentitu zen lankidearekin ere eten du harremana, harekin zuen erotismo puntua ere galduz. Ezkonduta eta etxezuloan, galdu egin du gizonek berarekin zuten interesa. Senarrari eta haurrari begira bizi da orain. Senarra iristen da eta ohiko kunplituak egiten dizkiote elkarri, beste ezer ez.

On the road

Manu eta Harri euskal preso bat bisitatzera doazen lagunak dira. Camaronen musika entzuten doaz, altu samar. VW auto handi batek aurreratzen ditu. Burgosen zehar doaz, ikusten dituzten izen xelebreko herriek nola jentilizioak izango dituzten barrezka. Taberna hits batean gelditzen dira kafea hartzeko, nazka ematen die hango ikus daitezkeen janari identifikaezinak, eta madarikatu egiten dute makailu-musika. Kontu kontari hasten dira, Harrik Aitziberrek berarekin hautsi duela, libre egon nahi omen duela-eta, nahiz txikitatik gizonez gizon ibili. Handik irtetean, beste preso bat bisitatzera doan bikote ezagun batekin topatzen dira; erdaldunak dira eta erderaz egiten dituzte hitz batzuk haiekin. Berriz errepidean, muskari amerikar baten heriotzaz mintzatzen dira, istripu erredikulu batean. Gasolindegi batean gelditu eta Camaronen diska bat erosi ondoren, abian jartzen dira berriz ere. Lehen aurreratu dituen  VW handia iraulita ikusten dute eta horren aurka egiten dute talka. Suhiltzaileek itzailko dute Camaronen musika, autotik gorpuak ateratzean.