Kausalitatea

Kausalitatea fenomeno bat, kausa alegia, beste batekin, efektua, lotzen duen erlazioa da, lehenengoa gertatzen denean bigarrena ere gertatzen dela ezartzen duena. David Hume XVIII. mendeko filosofo eskoziarrak laburrago definitzen zuen: "unibertsoaren zementua" zen bere hitzetan kausalitatea, fenomenoak lotuz eta bateratuz. Kausalitateak guztiz moldatzen du gure mundu ikuskera, "zergatik" denez gehien planteatzen dugun galderetako bat, bereziki  gauzak azaltzeko orduan. Humerentzat, ordea, kausalitatearen izaera ez zen beharrezkoa, ez zuen fenomenoen arteko lotura logikotzat hartzen, eta gure esperientziaren ondorioa, hautemandako erregulartasun edo aldiberekotasun errepikatuen interpretazioa, besterik ez dela baieztatzen zuen. Kant ez zetorren bat kausalitatearen ikuspegi horrekin, eta kausalitatea a priori ezagutza dela aldezten zuen, esperientziatik eratortzen ez dena. Berrikiago, John Mackie (1917–1981) australiar filosofoak kausalitatea ezartzeko "inus" kondizioa (insufficient but necessary part of an unnecessary but sufficient condition) behar zela zehaztu zuen; horrekin kausalitatearen azterketan planteatu ohi diren egoera problematikoak ebatzi nahi ditu; hala nola, lehen urtebetetzea ospatzea oinez ibiltzen ikastearen kausa dela, oinez ibiltzen ikasten baita haurrak urtebete inguru duenean; Mackieren arabera bi fenomenoen artean gertatzen dena aldiberekotasun erlazioa besterik ez da, urtebetetzea ospatzea beharrezko baldintza ez denez. Inus kondizioen adibideak horrelakoak lirateke: ABC edo DE edo FGH guztien ondoren, O ondorio bat gertatzen da, ABC, DE eta FGH baldintzak  unnecessary but sufficient conditions (baldintza ez beharrezko baino nahikoak) lirateke, nahikoa baita horietako bat gertatzea O ondorioa gertatzeko; eta, ABC-ren baitan, A, B zein C baldintza baten insufficient but necessary parts (ez nahiko baino beharrezko atalak) lirateke. Beste ikuspuntu batzuk probabilitatea barneratu zute kausalitatearen azterketan, kausa batek zerbait eragin baino, zerbait gertatzeko aukerak handitzen dituela ezarriz.