Kontsumorako Prezioen Indizea

Kontsumorako Prezioen Indizea, labur KPI, norbanakoek eta familiek kontsumitu ohi dituzten produktu eta zerbitzuen prezioen bilakaera neurtzen duen zenbaki indize bat da. Bilakaera horretan oinarritua, kontsumorako prezioen igoera, inflazioa alegia, neurtzen da. Indizea kalkulua oinarri-aldi batetik abiatzen da, non 100 balioa hartzen duen, eta balio horrekin alderaturik prezioek zein balio hartuko luketen kalkulatzen da aldi bakoitzean, orokorrean hilero. Horretarako, produktu eta zerbitzu jakinen prezioak jasotzen dira aldiro, erosketa-saskia delakoa osatzen dutenak, eta denboran zehar konstante mantentzen dena, norbanakoen eta familien kontsumoaren adierazgarri den bitartean. Beste alde batetik, prezioak haztatu edo bateratzeko, oinarri-aldian kontsumitzen ziren kopuruak hartzen dira kontuan aldi bakoitzean, hots, haztapen konstanteko indizea, Laspeyres indizearen formulari jarraiki gehienetan. Horren haritik dator indizeari egiten zaion kritiketako bat, indizeak ez baitu kontuan hartzen aldi bakoitzean familiek zer kontsumitzen zuten, Paasche motako indizeetan egiten den bezala, baizik eta oinarri-aldian kontsumitzen zirenak. Hortik sortzen da urte batzuetara indizearen oinarria eta erosketa-saskia birdefinitzeko beharra.