Korrelazioa

Estatistikan, korrelazioa bi aldagai kuantitatiboen arteko asoziazioa da, aldagai horietan izandako aldaketen arteko erlazioa aztertzen duena (batak gora egitean, besteak gora egiten duen ala ez, eta zenbaterainoko indarrez). Zehatzago korrelazioaren bitartez, erlazio horren izaera (lineala edo lerromakurra, norabidea, indarra) eta adierazgarritasun estatistikoa aztertzen da. Ohartu behar da, nolanahi ere, korrelazioak ez duela inoiz kausalitatea zuzenean ondorioztatzen, horretarako bi aldagaiak logikoki edo teorikoki loturik egon behar dira (adibidez, ikasle batek izandako notak eta eguneko tenperaturak korrelazio handia izan dezakete, baina hortik ezin da baieztatu tenperaturak nota eragiten duenik).

Orokorrean, korrelazio-neurriek [-1,1] bitarteko balioak hartzen dituzte. 1era hurbiltzen direnean, aldagai batek gora egitean, besteak gora egiten du gero eta indar handiagoz. -1era hurbiltzean, aldagai batek gora egitean, besteak behera egiten du gero eta indar handiagoz. 0 balioaren ingurukoa denean azkenik, bi aldagaien arteko asoziazioa ez da oso sendoa.

Korrelazio-neurri erabilienak dira Pearson korrelazio-koefiziente lineala, aldagai kuantitatiboetarako; eta Pearson koefizientearen zabalkuntza den Spearman koefizientea eta Kendall-en tau koefizientea, aldagai ordinaletarako.