Kostu zuzenak eta zeharkako kostuak

Kostu zuzenak produktu bati zuzenean egotz dakizkiokeen kostuak dira, produktu horri soilik dagozkionak. Adibidez, liburu egiteko behar den papera liburu horren kostuari dagokio, eta ez beste ezeri. Zeharkako kostuak, berriz, produktu bati soilik egotz ezin dakizkiokeen kostuak dira, produktu-multzo bat ekoitzi edo jarduera sail batzuetan burutzeko sortu direnak; adibidez, zenbait produktu ekoizten dituen enpresa batean, argindarraren kostua zeharkako kostua da, ezin baita zuzenean kalkulatu argindarraren kostuaren zein zati dagokion produktu bakoitzari. Kostu zuzenak aldakorrak izaten dira,  baina badira aldakorrak eta zeharkakoak diren kostuak (argindarraren kostua, esaterako) eta finkoak eta zuzenak direnak (produktu jakin bat ekoizten lan egiten duten langileen soldata, adibidez). Tarteko kostuak badaude, kostu erdi-zuzenak izenekoak, produktu jakin bati ez baina sail jakin bati egotz dakizkiokeenak.