Kultura

Kultura adiera ezberdinak dituen hitza da, ikuspuntuaren arabera. Latinezko cultura ("zaintza, hazkuntza") hitzetik dator, eta historian pertsonen izpiritu, gogo edo adimenaren hazkuntzaren adiera hartzen joan da. Ikuspuntu humanista edo estetiko batetik kultura lan intelektual eta artistikoen praktika da, praktika horiek pertsonak goratu egiten dituztelarik. Antropologiaren aldetik, berriz, kultura giza-talde baten baten bizimodua da, hala nola haren ohiturak, balioak eta antolamenduak; hala, euskaldunen kultura eta txeroki indigenen kultura aipatzen dira. Ikuspuntu soziologiko batetik, berriz, kultura gizarte baten garapen intelektual, izpiritual eta estetikoen prozesuen multzoa da, prozesu horiek positiboak direlakoan eta aurrerapena dakartelakoan. Kultura ondarearen kontzeptua azken ikuspuntu honetatik garatutako kontzeptua lizateke. Azkenik, psikoanalisitik ere aztertu da kultura (Freuden "Egoezina Kulturan" lanean oinarrituta): ikuspuntu horretatik kultura naturaren indarrak menderatzeko gizakiak eratutako jakintza eta ahalmenen multzoa, gizakien arteko harremanak finkatzeko erakundeekin batera.