Lanaren zatiketa

Lanaren zatiketa edo espezializazioa gizarte eta ekonomia batean egiten dira lanak gizabanakoen artean banatzeko modua da. Ekonomikoki, eraginkorrena lan horiek produktibitatearen edo trebeziaren arabera banatzea den arren, ohikoa izan da, bereziki arrazoi kulturalengatik, adina, sexua eta gizarte-klasea ere lan zatiketarako irizpideak izatea, batez ere industri aurreko gizarteetan. Lanaren zatiketa hainbat eratara gauzatzen da: gizartean bakoitzak egiten duen zeregina finkatzen denean (zein den irakasle eta zein garbitzaile) lanaren zatiketa soziala dugu (eta horren barruan, gizonek zer egiten duten, eta zer emakumeek, lanaren banaketa sexuala); lantoki batean nork zer egiten duen zehazten duen zatiketa, berriz, lanaren zatiketa industriala da. Bestelako lanaren zatiketak ere badaude: enpresa batzuk beste batzuentzako jarduerak egiten dituztenean ere lanaren zatiketa bat dagoela esan daiteke; maiz enpresen arteko zatiketa honek eragin nabarmena du geografian, eta hala lanaren zatiketa geografikoa dagoela ere esaten da. Nazioarteko lanaren banaketa ere badago, munduko herrialde eta eskualdeek ekoizpen globalean betetzen duten zeregina definitzen duena.

Lanaren zatiketa bereziki Industria Iraultzatik areagotu zen, eta azken mendeotako produktibitatean izandako gehikuntzak lanaren zatiketari zor zaizkio neurri handi batean. Adam Smith-ek eta beste ekonomialari klasikoek lanaren zatiketaren onurak aldarrikatu zituzten, hazkunde ekonomikoaren eragile nagusitzat hartuz, baina lanaren zatiketa soziala eta industriala bereizi gabe; Karl Marx (1818-1883) izan zen bereizketa hori egin zuen lehena. Émile Durkheim (1858-1917) soziologoak lanaren zatiketa sakonki aztertu zuen; bera izan zen gainera terminoa asmatu zuena Lanaren zatiketa gizartean (1893) lanean. Durkheim-ek gizarte kohesio eta elkartasunerako beharrezkoa zela adierazi zuen, horri esker gizabanakoek besteen trebetasun eta lanaren beharra dutelako; lanaren zatiketaren ondoriotzat hartu zuen indibidualismoa, modu positiboan baloratu zuena berdintasunezko gizarte batean; hala ere, lanaren zatiketa anomiazkoa ere izan daitekeela baieztatu zuen, trebetasunetan ez baizik eta boterean eta estatus sozioekonomikoan oinarritzen denean.