Lehia monopolista

Lehia monopolista enpresa askok produktu generiko berdina baina ezaugarri edo marka bereziekin saltzen dutenean sortzen den merkatu-egoera da. Adibidez, zereal ezberdinekin egindako ogia saltzen duten okindegiak lehia monopolistan daudela esaten da. Egoera horretan, enpresa bakoitzak de facto monopolioa osatzen du maiz produktu generikoaren aldaera bereziarekin, bere bezeroak fidelizatu eta sektoreko beste lehiakide baten produktuak erostea planteatu ere egiten ez duenean. Dena den, produktu generikoaren aldaera bereizi horiek ordezkoak dira neurri batean, eta beraz enpresek ezin izango dute prezioa nahi bezain altu jarri, lehiakideen prezioen alderatuta, bezeroek beste marka batera jotzeko arriskua baitago egoera horretan. Enpresek merkatu-egoera horretara heltzeko baliatzen duten marketin-estrategiari segmentazio deritzo.