Logika

Logika inferentzia deduktiboaren bidezko arrazonamendua aztertzen duen jakintza-arloa da, premisa izeneko proposizioetatik konklusioetara nola heldu aztertzen duena; zehatzago, arrazonamendu horren baliozkotasun formala aztertzen du, premisetatik konklusiora egindako urratsak zuzenak diren, konklusioa formalki egiazkoa den, esperientzian egiazkoa den kontuan hartu gabe; adibidez, "txakurrak txoriak dira; katuak txakurrak dira; beraz, katuak txoriak dira" arrazonamendua logikaz guztiz zuzena da, esperientziaz faltsua izan arren. Egiazkotasun formala frogatzeko, logikak proposizioen eta horien arteko erlazioen formalizazio prozesu bat burutu behar du, proposizioak era abstraktuak adierazteko, gero horien gainean kalkulu bat egite aldera; adibidez, "euria egiten badu, lurra bustitzen da; euria egiten du; beraz, lurra bustitzen ari da" arrazonamendu logikoa honela formalizatu daiteke: p \rightarrow q, p  \vdash\ q (modus ponens izeneko erregela logikoa dena).

Logika-motak

Logika proposizionala proposizioetan oinarritzen da, egia ala faltsua diren adierazpenetan alegia. Proposizioen arteko erlazioak ikusita, konklusioetara nola heldu aztertzen du.

Logika kuantifikatzaileak edo predikatuen logikak pauso bat aurrera egiten du eta proposizioen barneko edukia aztertzen du, subjektua eta predikatua bereiziz. Klase edo kategoria logika bat da, konklusiotzat subjektuen pertenentzia izango duena.

Aurreko biek, logika proposizonalak eta logika kuantifikatzaileak, lehen mailako logika osatzen dute. Proposizioei buruz proposizioak egiten direnean, bigarren mailako logikara igarotzen da, eta horrela behin eta berriz, hirugarren eta maila handiagoko logiketara heltzen da.

Logika klasikoak balio bikoa da, egia ala faltsua balioak soilik onartzen dituenez. Badira logika ez klasikoak ere, hala nola balio anitz onartzen dituztenak, probabilitatean oinarritzen direnak eta logika lausoak. Logika ez klasikoa da baita ere logika modala beharrezkotasunean eta posibilitatean oinarritzen dena.  1

Erreferentziak

1.
Muñoz Gutiérrez C. Introducción a la lógica. ucm.es. http://pendientedemigracion.ucm.es/info/pslogica/cdn.pdf.