Maileguak

Mailegua pertsona batek (mailegu-emailea) beste pertsona bati (mailegaria) diru-kopuru jakin, zehatz eta finko bat (maileguaren zenbatekoa) uztea da, hartzaileak hartzekodunari maileguaren zenbatekoa biok adostu eta ezarritako kopuru zatituetan (aldiro ordaindu beharreko kuotak) eta datan (epemuga) itzultzeko konpromisoarekin. Mailegua itzultzean, maileguaren zenbatekoaz gainera, hartzaileak interesa ordaindu behar izaten du dirua uztearen trukean. Hala, maileguaren kuotak bi atalek osatzen dute: ordaindu beharreko interesak eta maileguaren zenbatekoaren itzulketa edo amortizazioa. Maileguaren kuotak kalkulatzeko zenbait metodo daude; ohikoenak metodo frantsesa, amerikanoa eta alemaniarra dira. Ohikoa da, bereziki entitate finantzarioekin adosten diren maileguetan, hipoteka bat ezartzea hartzailearen edo beste baten ondasun baten gainean, mailegua ez itzultzearen kasuan berme gisa; kasu horietan mailegua hipotekarioa dela esaten da. Epemuga baino lehen, maileguak kantzelatu (hartzaileak amortizatzeke geratzen den maileguaren zatia ordaintzen duenean), berritu (nobazioaren bitartez, non une batetik aurrera maileguaren kondizio berriak adosten diren bi aldeen artean) eta subrogatu (maileguaren hartzailea edo hartzekoduna aldatzen direnean) egin daitezke. Juridikoki, maileguak kontratuak dira, gehienetan notario baten aurrean sinatu eta ziurtatzen direnak, eskritura publikoaz.

Ikus, gainera