Manikeismoa

Manikeismoa Mani maisu pertsiarrak Babilonian K.o. III. mendean sortutako erlijioa izan zen, munduan aurkako bi indarrek, Argiak eta Ilunak, Ongiak eta Gaizkiak, Jainkoak eta Satanek, jarduten dutelako sinesmenean oinarritzen dena. Bi indar horiek etengabeko gatazkan daude, baina azkenean Ongiak lortuko luke garaipena. Gizakian ere bi indar horiek aurkitzen dira sinesmen horretan, Argia arimarekin eta izpirituarekin lotua eta Iluna gorputzarekin eta materiarekin. Manikeismoak bizitza aszetikoa aldezten zuen, gorputzean harrapatua dagoen arima askatzeko asmoz. Zoroastrismotik eratorria, III-V mende bitartean zabaldu zen; Agustin Hiponakoa filosofo kristaua manikeoa izan zen kristautu aurretik; hain zuzen, manikeismoa kristautasunak gaitzetsi eta heresiatzat sinesmena izan zen, Jainkoa kristautasunean izaki gorentzat hartzen denez. Aro Modernoko filosofo zenbaitek, ordea, hala nola David Hume-k eta Voltaire-k manikeismoak kristautasunak baino gaizkiaren azalpen egokiagoa egiten duela aldeztu zuten. Egun, hedaduraz, manikeismoa jokabideak eta pertsonak onak ala txarrak direla, bitartekorik gabe, sinetsiz eratzen den jarrera pertsonal eta sozialtzat ere hartzen da.