Maslow piramidea

Maslow-en piramidea Abraham Maslow 1940ko hamarkadan proposaturiko giza motibazio eta beharrizanei buruzko teoria eta eredu bat da, motibazio horietan hierarkia edo lehentasuna ezartzen duena, piramide bateko mailen antzera. Maslow-en arabera gizakiaren motibazioak haren beharrizanen asetzea da, eta hala bost beharrizan mota bereizten ditu:

maslow_piramidea

Lehentasuna duten beharrizanak dira gizabanakoak lehenbizi bete nahi dituenak; piramidearen gailurrean, aurrekoak lortuta, autoerrealizazioa bilatzen du.

  1. Beharrizan fisiologikoak (janaria, aterpea, ...)
  2. Segurtasun-beharrizanak (beldurrik gabe bizitzea, ...)
  3. Atxikimendua, maitasuna eta beste gizarte harremanetarako beharrizanak.
  4. Estimua eta autoestimua.
  5. Autoerrealizazioa.

 

Maila beheragoko beharrizan batek lehentasuna du maila goragoko beste bati buruz. Hala, pertsona batek beharrizan fisiologikoak zein bete gabe baditu, eta aldi berean gizarte harreman beteagoak izateko beharra sentitzen badu, bere motibazio nagusia beharrizan fisiologikoak betetzea izango da, beharrizan fisiologikoek lehentasun handiagoa dutelako. Halaber, lehen lau mailetako beharrak urritasun-beharrak dira, behar horien gabeziak tentsioa sortzen duelako gugan, baina haietarako motibazioa eten egiten da beharrizana bete eta gero. Gratifikazioa litzateke goragoko beharrizan batera pasatzeko motibazioa, aurrekoak bete eta gero. Autoerrealizazioa, berriz, piramidearen gailurrean, behar berezia litzateke aurreko lauen aldean; nork bere ahalmen guztiak garatzearekin dago loturik, eta mugarik gabekoa litzateke, bete ondoren motibatzen jarraitzen duenez.

Maslow piramidearen teoriak eragin zabala izan du.  Bereziki enpresaren kudeaketan, zuzendariei langileei autoerrealizazio-beharrak asetzeko gomendatu zaie teoria horretan oinarrituta, aurreko beharrizanak betetzen doazen heinean, horretarako langileen parte-hartzea sustatuz esaterako. Hala eta guztiz ere, Maslow piramidea sarri kritikatua izan da ebidentzia enpirikorik ez izateagatik, bereziki beharrizanei ezarritako lehentasunari zein piramidearen ereduari berari dagokionean.

Ikus, gainera